Mirarizko dietak, osasunerako arriskua
Mirarizko dieta asko eta asko aipatu ditzakegu (bat bera ere ez da eraginkorra): dieta disoziatuak (Montignac, Hay…), dieta baztertzaileak (Atkins, Gunekoa) edo beste dieta “bitxi” batzuk; esate baterako, izozkiaren dieta, pomeloaren dieta, orburuaren dieta… Horrelako dietek ez dute inolako oinarri zientifikorik, eta ez dute inolako eragin onuragarririk ez osasunean ez epe luzerako masa koipetsuaren galeran.
Argi eta garbi adierazi beharra dago loditasuna osasun-arazoa dela eta ez estetika-kontu hutsa. Helburua ez da edonola argaltzea, osasuntsuago egotea baizik.
Horrelako dietak egitean zenbait elikagai jaten ez ditugunez edo elikadura-ohiturak aldatzen ditugunez (esate baterako, otordu berean proteina ugaridun elikagaiak bakarrik jatea), kaloria gutxiago jango ditugu, eta, horren ondorioz, azkar argalduko gara. Nolanahi ere, kilo horiek azkar baino azkarrago berreskuratuko ditugu dieta uztean, eta, batzuetan, besteren bat ere hartuko dugu opari.
Julio Basultok «No más dieta» liburuan azaltzen duenez, zenbait aditu-batzorde ados daude adieraztean dieta osasungarria egiteko gutxi gorabehera gorputzaren pisuaren %10 galdu behar dela sei hilabetetan (kilo horiek benetan sobera baditugu).
Adierazpen hori “mirarizko dietetan” darabilten lengoaian ezarriz gero, II. maila ertaineko loditasuna daukan batez besteko altuerako pertsonak hilean kilo bat galduko luke gutxi gorabehera (asteko 300 gramo, gutxi gorabehera).
Mirarizko dietetan aholkatzen den bezala, pisua azkarrago galduz gero, masa muskularra edota gorputzeko ura galduko genituzke eta ez koipea. Hori dela eta, ez litzateke larregizko koipearen arazoa konponduko, muskulua galduko genuke eta osteko pisu-galera ere moteldu liteke (nolabait esatearren, masa muskularrak masa koipetsuak baino kaloria gehiago kontsumitzen ditu).
Bestetik, onenean, dieta horiek ez dute inolako eraginik organismoan: luzaroan nekez egin daitezkeen dietak direnez, oso-oso azkar berreskuratuko ditugu kiloak, eta, batzuetan, besteren bat ere hartuko dugu opari (“errebote-efektuaz” ari gara). Horrez gain, dieta-motaren eta onartutako edo gaitzetsitako elikagaien arabera, osasunerako ere izan daitezke arriskutsuak, luzaroan eginez gero.
Dena dela, ezeren gainetik, ohitura osasungarriak geureganatzeko aukera galduko dugu mirarizko dieten ondorioz.
Laura González
Gastronomía Baskako dietista
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra