Zer ordutan bazkaldu eta afaldu ohi dugu egunero? Gutxi gorabehera, gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko ordutegi finkoa dugu astegunetan? Eta asteburuetan? Galdera horiek guztiek badute garrantzirik, gure osasunean, oro har, eta, batez ere, gure pisuaren kontrolean ere bai. Guztion erloju biologikoak zerikusi handia dauka, uste dugun baino askoz gehiago, janariarekin dugun harremanarekin eta jaten ditugun elikagarriak xurgatzeko moduarekin. Ikusi dezagun zergatik izan daitekeen ohiko ordutegia ez loditzeko aliatua.

“Erloju biologikoak oso funtzio garrantzitsua du gure gorputzean, oro har, eta gure pisuaren kontrolean ere bai».

«Beti ordu berean jatea lagungarria da gure erloju biologikoaren funtzionamendurako. Izan ere, jarduerak beti ordu berean egiteko gure gorputza antolatzen duen makinaren antzekoa da. Hau da, gure erloju biologikoaren ekintzari esker, gure gorputzak modu batean edo bestean dihardu egunez edo gauez. Esate baterako, gaua denean, gure erlojuak lo egiteko eta baraurik egoteko prestatzen du gure gorputza, eta eguna denean, ordea, esna gaude, eta jan egiten dugu. Sinkronia horrek egunero dirau, asteko egun guztietan, eta, gainera, funtsezkoa da osasunerako», azaldu du María Fernanda Zerón Rugeriok, Bartzelonako Unibertsitateko Nutrizio Saileko ikertzaileak.

Berbera gertatzen da lo egiteko orduan, gure erloju biologikoak otorduetarako ere prestatzen gaituelako, hau da, gure gorputza prestatzen du ohiko orduan gosaltzeko, bazkaltzeko edo afaltzeko. Horrela, profesionalak erantsi duenez, «gure gorputza prestatuta egongo da, otordu bakoitzean irensten ditugun elikagarriak prozesatzeko, asimilatzeko eta metabolizatzeko. Hala ere, ‘ezohiko’ orduan jaten dugunean, gure gorputzak arazoak izan ditzake, irensten ditugun elikagarriak prozesatzeko, asimilatzeko edo metabolizatzeko, ez zegoelako horiek jasotzeko prest».

Beraz, bigarren kasu honetan, ezohiko orduan jaten dugunean eta otordu horretan irensten ditugun elikagarriak prozesatzeko eta metabolizatzeko behar diren elementuak ez ditugunean, «gure gorputza estualdian egongo da, irensten ditugun elikagarriak eta, batez ere, glukosa erabiltzeko eta asimilatzeko. Horren ondorioz, epe luzera, baliteke pisua eta loditasuna handitzea», azaldu du Zerónek.

Arrisku handiagoa asteburuetan

Aurtengo urtarrilean, Zerónen zuzendaritzapeko azterlan batean, eta Bartzelonako Unibertsitateko (UB) CIBEROBNko ikertzaileek ere parte hartu zuten bertan, asteburuetako otorduetako irregulartasuna lotu zuten loditasunarekin.

Nutrients aldizkarian argitaratutako azterlaneko ikertzaileek euren aurkezpenean ziurtatu zutenez, «lehen aldiz azterlan batean egiaztatu da zeinen garrantzitsua den otorduak ohikoak izatea, asteburuetan ere bai, pisua kontrolatzeko orduan. Hain zuzen ere, loditasuna prebenitzeko nutrizio-jarraibideetan kontuan hartu beharreko elementua izan liteke».

«Beraz, «asteko egun guztietan ohiko ordutegiei eusten saiatzea izango litzateke onena». Kasu honetan, adituak erantsi duenez, «ordubeteko marjina eduki genezake».

Oso garrantzitsua da nabarmentzea azterlaneko emaitzak lortzean (bertan, 18-25 urteko 1.100 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten) ez zirela honako faktore hauek kontuan hartu: dietaren kalitatea, ariketa fisikoaren maila, jet lag soziala (asteburuetan lo egiteko ditugun ordutegietan dagoen aldea) edo kronotipoa.

Emaitzen arabera, «asteburuetan hiru otorduak aldatzea loditasunarekin dago lotuta». Gorputz-masaren indizearen (GMI) gaineko eragin handiena ordutegien aldea 3,5 ordukoa edo hortik gorakoa denean gertatuko litzateke. Hortik aurrera, loditasunerako arriskua areagotu liteke.

Beraz, “asteko egun guztietan ohiko ordutegiei eusten saiatzea izango litzateke onena«. Kasu honetan, adituak erantsi duenez, «ordubeteko marjina eduki genezake, hau da, geure otorduak ordubete aurreratzea edo atzeratzea ez dago lotuta loditasunarekin. Otorduen aldaketa handiak (3 ordutik gorakoak) dira loditasunarekin lotuta daudenak».

Nolanahi ere, ez litzateke ezer gertatuko edo ez luke inolako loturarik edukiko gure pisuarekin, aldaketa horiek unean-unean, une jakin batean egingo bagenitu. «Seguruenik, aldaketa horiek unean-unean egingo bagenitu, ez lukete eragin berbera izango GMIn. Hona hemen aldaketa handi baten adibidea: astegunetan goizeko 8etan gosaltzea; eta, asteburuetan, eguerdiko 12etan«. Oro har, profesional horrek ateratako ondorioen arabera, hobe da 15:00ak baino lehen bazkaltzea eta lo egitera joan baino bi ordu edo ordu gehiago lehenago afaltzea. Esate baterako, gaueko 11etan lotara bazoaz, gehien jota 20:30erako egon beharko zinateke afaltzen.

Beatriz G. Portalatín

 

Fuente: elespanol.com

https://www.elespanol.com/ciencia

(Visited 50 times, 1 visits today)