Mandarinak Ekialdeko zitrikoak dira. Portugaldarrek Ekialde Urrunean ezagutu, handik ekarri eta mandario izena jarri zieten. Europan ez ziren XIX. mendera arte landatu.
Zitriko guztiek bezala, mandarinak C bitamina ugari du, laranjak baino gutxixeago daukan arren. Era berean, A bitamina, kaltzio eta magnesio ugari ere baditu, fruta dela kontuan hartuta. Ur asko duenez, kaloria-ekarpen gutxikoa ere bada.
Bromo ugari daukanez, loak hartzen lagunduko digu. Hori dela eta, oso postre egokia izango da afaritarako.
Umeek oso-oso gustuko dute mandarina: laranjek baino azukre gehixeago duenez, gozoagoa da, eta ez da hain garratza.
Kalitate oneneko barietateen denboraldiak udaberri bete-betera arte iraun dezake. Horixe bera gogorarazten digu esaera zaharrak: «mandarina ona amaitzen denean, uda izango dugu gainean».

(Visited 253 times, 1 visits today)