Lekaleak ere udan, beroa egin arren
Udan termometroak gora egiten duenean ia konturatu gabe, lekaleak armairuan gordetzen ditugu hotza itzuli arte. Dilistak, garbantzuak eta babarrunak plater egosiekin eta koilara-platerekin lotzen ditugu gure buruan oraindik. Baina egia esan, lekaleek ez dute urtarorik, edo ez lukete izan behar.
Izan ere, jaki astunak direlako ospe horrek zerikusi handiagoa du prestatzeko modu tradizionalarekin, lekaleekin eurekin baino. Lekaleek berez, gantz gutxi dute eta landare-proteina, zuntz, karbohidrato konplexu, bitamina eta mineralen iturri ona dira.
Horregatik, baditugu arrazoiak urte osoan zehar gure elikaduran lekua egiteko. Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren (AESAN) egungo elikadura-gomendioek, astean gutxienez lau lekale-errazio kontsumitzea aholkatzen dute.
Arazoa udan? Seguruenik, arazoa ez dira lekaleak, baizik eta hauek lapiko bero eta lurruntsu batean baino ez irudikatzea.
Hotz zerbitzatuta, lekaleek konbinazio ugari egiteko aukera ematen dute eta bereziki egokiak dira aldez aurretik prestatuta utz ditzakegulako edo etxetik kanpo eramateko otordu errazak nahi ditugunean.
Hona hemen udako menuan gehitzeko ideia batzuk, gehiegi konplikatu gabe:
Dilistazko itsas entsalada. Dilista pardinak, atun-sabelaldea, piper erreekin eta perrexil freskoarekin. Tomatea, tipula gorria edo oliba batzuk ere gehitu dakizkioke.
Kataluniako empedrat-a. Babarrun zuriak, bakailao apurtua, piper berdea eta gorria, tipula, oliba beltzak eta oliba-olio on bat. Freskoa, erraza eta plater bakar gisa nahiko interesgarria.
Garbantzu-tabulea. Tabule tradizionalaren alternatiba bat: zerealaren ordez garbantzuak erabiliko ditugu, eta tomatea, perrexil ugari, menda freskoa eta limoi-zukua gehituko dizkiogu.
Gainera, hondartzara edo igerilekura eramateko aukera errazak dira. Hori bai: jateko unera arte ondo hoztuta eduki behar dira beti, batez ere arraina edo galkorrak diren beste osagai batzuk badituzte.
Zabaltzeko ere balio dute
Udako menuetan krema eta ogian zabaltzeko prestakin gisa ere jar ditzakegu lekaleak.
Hummusa da, ziurrenik, adibiderik ezagunena baina aldaera asko onartzen ditu. Garbantzuei erremolatxa egosia edo piper gorri errea gehitu eta zapore eta kolore guztiz desberdinak lor ditzakegu.
Babarrun zuriak ere oso egokiak dira intxaurrekin, oliba-olio pixka batekin eta belar aromatikoekin birrinduta. Krema leun bat lortzen da, ogi integralarekin, azenarioarekin, pepinoarekin edo beste barazki gordin batzuekin jateko.
Eta afaltzeko?
Baita ere.
Ez dago lekaleak afarietatik baztertzeko arrazoirik. Kontuan hartu behar dira kantitatea, prestatzeko modua eta, jakina, pertsona bakoitzari nola eragiten dioten.
Astun egiten badira, azalik gabeko barietateak proba daitezke, hala nola dilista gorri zurituak; kantitatea murriztu edo pixkanaka sar daitezke dietan. Bestalde, saltsa astunik edo gehiegizko koiperik gabe prestatzeak ere asko aldatzen du emaitza.
Garbantzu-entsalada txiki batek, kanonigoekin, tomatearekin, pepinoarekin eta oliba-olioarekin adibidez, udako afari bat primeran konpon dezake.
Azkenean, beharbada kontua askoz ere sinpleagoa da: ez diogu lekaleak jateari utzi behar beroa iristen denean; beste modu batera prestatu behar ditugu.
© Zainduzaitez, GB Corporación 2026. Lege-oharra
Kontsultatutako iturriak:
- Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AESAN). Recomendaciones dietéticas saludables y sostenibles.
- Nutrizioaren Espainiako Fundazioa (FEN). Informe sobre Legumbres, Nutrición y Salud.

