Zerba hosto berdeko ortuaria da, eta osasunerako oso onuragarriak diren hainbat ezaugarri elikagarri ditu. Bere zaporea atsegin bezain azukreduna den arren, zati batzuk mingots samarrak direla esan beharra dago.
Biurteko landarea da, ziklo luzekoa, eta ez du sustrai edo fruitu jangarririk eratzen. Hain zuzen ere, erdialdetik zurtoinera nerbio nabariak dituzten hosto obalak jaten dira. Klima epelekoa da, eta ez ditu bat-bateko tenperatura-aldaketak jasaten. Urte osoan erein badaiteke ere, udaberrian ereitea da egokiena. Heldutakoan edo hostoak oraindik ere gazteak direnean biltzen da.
Negua zerbak jateko urtaro onena da, hostoak ilunen daudelako eta ezaugarri elikagarri gehien dituztelako sasoi horretan. Bildutakoan, oso bizitza laburreko landarea da zerba. Nutrizionistek erosten denetik hasita gehienez ere hiruzpalau egunetan jatea gomendatzen dute.

«Negua zerbak jateko urtaro onena da, hostoak ilunen daudelako eta ezaugarri elikagarri gehien dituztelako sasoi horretan.»

Penintsula iberikoan, iparraldeko, erdialdeko eta ekialdeko erkidegoetan ereiten da, eta, haien artean, Murtzia, Valentzia eta Katalunia dira ekoizle nagusiak.
Gastronomia
Ezaugarririk galdu ez dezan, hobe da lurrunetan egostea. Orrimamiak, ordea, gogorragoak direnez, bikoitza egosi behar dira aparte.
Erabilera anitzeko barazkia denez, zenbait errezeta daude: zerbak egosteko saldaz egindako zopak, entsaladak, baratxuriz eta pinaziz sueztitutako zerbak, oliba-olioz eta limoiz ondutako zerbak, arrautza-irinetan pasatutakoak, bexamelez estalitako zerba gainerreak, erregosiak, eltzekoak edo haragi zein arrainen hornigai moduan.
Umeentzat erakargarriagoak izan daitezen, entsaladetan eransten dira, urdaiazpikoz eta gaztaz betetzen dira, ganbekin nahasten dira edo barazki-pizzetan ere erabiltzen dira.
Soberakoa ez da hozkailuan gorde behar, erraz hartzitzen den barazkia da-eta.
Ezaugarri elikagarriak
Ur asko duenez, oso proteina, karbohidrato eta kaloria gutxi ditu, hau da, 19 kaloria 100 gramoko. Horrez gain, era guztietako mineralak ere baditu zerbak; esate baterako, magnesioa, potasioa eta burdina, baita ekintza antioxidatzailedun A, C eta K bitaminak eta zuntza ere.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 567 times, 1 visits today)