CASTELLANO

Amaya Vela Desojo Bizkaiko Gurutzetako Ospitaleko umeen mediku endokrinologoa da eta EHUko (Euskal Herriko Unibertsitateko) irakasle elkartua. Horrez gain, sozietate mediko handietako kidea ere bada; esate baterako, SEEN (Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Sozietatea) eta SEEDO (Loditasuna Aztertzeko Sozietate Espainiarra). Bestetik, SEEPeko (Espainiako Endokrinologia Pediatrikoko Sozietateko) Loditasunaren Lan Taldeko koordinatzailea ere izan da 2015eko maiatzera arte.
Gaur egun badago umeen loditasunaren izurriteaz hitz egiterik?
Zoritxarrez, inolako zalantzarik gabe baieztatu dezakegu duela zenbait urtetatik loditasuna XXI. mendeko izurrite handia dela eta umeen nahiz helduen artean daukala eragina.
Zer adinetan kezkatu behar dira gurasoak umeak lodiegi daudelako?
Gurasoak beti kezkatu behar dira, seme-alabak lodiegi daudenean. Dena dela, egia ere bada bi unetan askoz ere handiagoa izango dela etorkizunean lodiegi egoteko zaurgarritasuna. “Gantz-errebotea” izeneko fase fisiologikoa 6-7 urte betetzean garatzen da. Zenbat eta lehenago gertatu gantz-errebotea, orduan eta handiagoa izango da etorkizunean lodiegi egoteko aurrejoera. Hori dela eta, sei urtetik beherako umeak lodiegi badaude, kezkatu egin beharko gara. Bestetik, nerabezaroa ere une erabakigarria da faktore askorengatik.

«3-8 urteko adina funtsezkoa da ohitura osasungarriak sortzeko»

Gurasoek badakite zeinen garrantzitsua den ohitura osasungarriak eta elikadura orekatua edukitzea euren seme-alabei adibidea emateko?
Bitxia da, baina gurasook zehatz-mehatz zaintzen dugu seme-alaben elikadura txikiak direnean, bi urte bete arte apurka-apurka ematen dizkiegulako era guztietako elikagaiak. Epealdi hori, beraz, garrantzi horren adierazgarri argia izan beharko litzateke. Edonola ere, faktore askoren ondorioz oso zaila da eredu osasungarriei eustea. Besteak beste, gurasook adin goiztiarragoetan geneukan agintea galtzen dugu pixkanaka-pixkanaka, eta umeek gero eta zeresan handiagoa dute familiaren erabakietan: nola eta zer jan. Era berean, ama langileek ezin izan dute sukaldari-zeregina aiten esku utzi, edo ez dute jakin nola egin. Gainera, gero eta denbora gutxiago daukagunez, gero eta sarriagotan jaten dugu aurretiaz prestatutako janaria, janari lasterra…
Nire ustez, 3-8 urteko adina funtsezkoa da ohitura osasungarriak sortzeko. Gurasook ezin dugu etsi. Argi eta garbi eduki behar dugu oso gogorra izan arren elikadurako ohitura onak sortzea bizitza osorako osasun-bermea dela. Esate baterako, jende askok arrainen zein barazkien zaporea ezkutatzen du saltsen bidez eta arrautza-irinetan pasatuta, baina hori ez da bide egokiena. Elikagai horiek jan egin behar direla esan behar diegu behin eta berriro, haientzat oso onak direlako.
Genetika erabakigarria ote da loditasuna garatzeko orduan edo beste faktore bat baino ez ote da?
Inolako zalantzarik gabe, genetikak eragina dauka loditasunean: gastu energetikoa txikiagoa delako, ariketa egiteko gogoa dugulako edo ez, antsietateari era batera edo bestera aurre egiten diogulako, esate baterako, edo elikagai batzuk beste batzuk baino gustukoagoak ditugulako. Nolanahi ere, horrelako genetikari aurre egiteko, bizi-ohitura osasungarriak eduki behar dira. Oso nahasmendu genetiko gutxik eramango gaituzte ezinbestean loditasunera (hatzez zenbatu daitezke). Gainera, horrelako gaixotasunen bat edukita ere, egunero harri eta zur geratzen naiz gurasoek gaixotasun genetiko horiek dituzten umeekin zer lan ona egiten duten ikustean, Prader-Willi Sindromean gertatzen den bezala, adibidez.

«Loditasunaren ondorioak ikaragarriak izango dira epe luzera.»

Pisu-gehikuntzarekin lotutako patologiak areagotu dira?
Loditasunaren ondorioak ikaragarriak izango dira epe luzera, honako arazo hauek sorrarazten dituelako: ortopedikoak (artrosia…), metabolikoak (diabetea, hiperkolesterolemia…), minbizi-eragin handiagoa, nahasmendu hepatikoak… Nire ustez, ordea, umeen endokrinologo moduan, buru-estimua eta bullyinga dira arazo larrienak.
Elikadurako ohituren aldaketa ote da loditasunaren gehikuntzaren errudun nagusietakoa?
Elikadurako ohiturak aldatu egin dira, baina, horrez gain, BIZI-OHITURAK ERE ALDATU DIRA. Hainbat eta hainbat aldaketa gertatu dira denbora gutxian: gurasoek denbora gutxi edukitzea, aurretiaz prestatutako janari edo fast-food gehiago jatea, familiartean ez jatea, umeek telebista ikusten jatea, kontsolekin eta bideojokoekin jokatzean umeen egoneko bizitza handiagoa izatea, lo gutxi egitea (telebista, kontsolak, mobilak… dituztelako logelan bertan)…
Janari lasterra kaltegarria da beti, tartekatu egin behar da?
Janari lasterra unean uneko irtenbide aparta da batzuetan, merkea delako eta anoak handiak direlako. Dena dela, ezin da inolaz ere gure elikaduraren oinarria izan, gantz ase asko dituelako. Ez da debekatu behar, baina ezohikoa izan behar da, hau da, zenbait gertakizunetan baino ez da jan behar.
Oso garrantzitsua da eguneko otorduen kopurua?
Otorduen kopurua ez dago aurretiaz zehaztuta, adinaren, lan-motaren eta ordutegien araberakoa izango delako. Hala ere, argi eta garbi dago egunean hiru otordu baino gutxiago eginez gero loditasuna sustatzen dela eta bost otordu baino gehiago egitea ere ez dela egokia (hiru otordu nagusi eta 2 “mokadu”).

«Etxean nahiz eskolan garatutako hezkuntza eta prebentzioa funts-funtsezkoak dira arazo honetan.»

Administrazioak eta komunikabideek ahalegin handiagoa egin beharko lukete gizartea loditasunaren inguruan kontzientziatzeko?
Administrazioak apustu handia egin zuen 2005. urtean NAOS Estrategia sortu zuenean (Nutriziorako, Ariketa Fisikorako eta Loditasunaren Prebentziorako Estrategia). Estatu espainoleko gobernuko Osasun Ministerioak abian jarri eta autonomia-erkidego guztietara zabaldu zen. Fruten zein barazkien garrantzia, kirolaren garrantzia… iragartzea zen helburua. Nahiz eta bere web orriaren bidez egindako zabalkundea merezimendu handikoa izan, ez du oihartzun handirik eduki, tamalez. Krisi ekonomikoak zerikusia eduki duelakoan nago. Era berean, NAOS Estrategiaren barruan, PAOS Kodea ere aitatu beharra dago (Adingabeentzako Elikagai eta Edarien Publizitatea Arautzeko Kodea Loditasuna eta Osasuna Prebenitzeko), elkarte asko daudelako inplikatuta (supermerkatuak, elikagaigintzako enpresak…) eta adingabeen babeserako publizitate osasungarria sortzeko konpromisoa hartu dutelako. Edonola ere, etxean nahiz eskolan garatutako hezkuntza eta prebentzioa funts-funtsezkoak dira arazo honetan.
Lehenengo eta behin, nutrizio-arloko hezkuntza hobetu beharko litzateke?
Ez dut uste arazoa informazio-falta denik, interes-falta, nolabaiteko utzikeria baizik. Esate baterako, orain dela urtebete oso proiektu ederra egin zuten Bizkaiko Medikuen Elkargoan. Loditasunaren prebentzioari buruzko zenbait hitzaldi eskaini zizkieten gurasoei, eta, bertan, zenbait profesionalek parte hartu genuen zenbait udalerritan. Jende gutxi zihoalako eten ziren, nahiz eta arratsaldeko azken orduan egin lan-ordutegietara egokitzeko.
Beste muturrean, ordea, txarto jaten duten umeak daude. Gehiago jan nahi ez duten umeak errespetatu behar dira?
Oso kontuan hartu beharra dago zer den txarto jatea, zenbait maila daudelako. Hala ere, umeak denetarik jaten badu, osasuntsu badago eta betidanik argal egon bada, ez diogu gehiago jateko esan behar. Oraindik ere, osasuna larregizko pisuarekin nahasten dute zenbait lekutan.
Euskadiko egoerari buruzko azterketarik egin da?
Azterketa asko egin dira, eta ageri-agerikoa da loditasunaren prebalentziak gora egin duela. Dena dela, 2008. urtean, “Erosotasuna Zainduz” prebentzio-lana egin genuen Uribe Kostako eskualdeko lau ikastetxetan (Sopelana, Urduliz, Berango eta Gorliz), eta sor eta lor geratu ginen ikasleen artean loditasunaren prebalentzia urria zela ikustean. Hori dela eta, argi eta garbi eduki genuen landa-ingurunean ez dela beste leku batzuetan bezain handia.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2015. Lege-Oharra

(Visited 69 times, 1 visits today)