Gure gizartean, denbora oso ondasun preziatua denez, oso garrantzitsua da familiarekin jarduerak egitea. Hartara, kide guztien arteko lotuneak indartu ahal izango dira.
Janaria elkarrekin prestatzean, lotuneak sendotzen dira, baina, aldi berean, estresa baretu eta ingurune aparta ere sortzen da, familia-arloko balioak igortzeko eta umeei oroitzapen zoragarriak eskaintzeko.
Janaria prestatzen dutenean, umeek konturatu gabe eta saiakuntzaren bidez ikasten dituzte matematikak (sukaldaritzan, masa zein bolumen arloko neurriak erabiltzen dira etengabe), sorkuntza artistikoa eta zenbait eratako testuren zein zaporeen dastapena. Modu ludikoan, platera prestatzeko erabiltzen diren osagai guztiak zein diren, materiaren egoerak zein diren eta zer elementu kimiko dauden ikasiko dute; esate baterako, elikagai batzuk nola eraldatzen diren.
Txarto jaten duten umeentzat, elikagaiak dastatzeko aukera ezin hobea da, nola prestatu irakatsiko zaielako zenbait eratara eta euren sormena suspertuko delako. Plastilinaz edo hondartzako hareaz egiten duten bezala, umeek oratzea edo moldeez jolastea oso-oso gustuko badute, nolatan ez dute gozatuko janaria prestatzen?
Askotan, seme-alabak gutxiesten ditugu zenbait zeregin egiteko orduan txikiegiak direlakoan. Jokabide horretan, zeresan handiagoa dauka eurei buruz dugun ikuspegiak euren benetako trebetasunek baino. Oso kontuan hartu beharra dago jaio direnetik helduak izan arte umeak euren autonomiaren bila dabiltzala saiakuntzaren bitartez.
Funtsezkoa izango da zer errezeta aukeratzen dugun, eta helduok ahalegin handia egin beharko dugu, umeei jolasten eta saiakuntzak egiten uzteko. Horrela, bada, benetako protagonistak izango dira. Oso garrantzitsuak direla sentituko dute, eta, aldi berean, zenbait balio ere landuko dituzte; esate baterako, gainerakoekin partekatzea edo gainerakoen zerbitzura egotea (janaria prestatzen ari naiz, GUZTIOK gozatu dezagun).
Azken batean, sukaldaritza jarduera ezin hobea izango da, familian ikaskuntza-tarte dibertigarri bezain atsegina igarotzeko.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 73 times, 1 visits today)