Mireia Apraizi egindako elkarrizketa. EZE – Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendaria.
Mireia Apraizek gaixotasun zeliakoa zer den, bere diagnostikoa eta tratamendua nolakoak diren, gaixotasunarekin nola bizi behar den eta gaixoei nolako laguntza ematen zaien azalduko digu.
Nola azaldu zer den zeliakia?
Gaixotasun kroniko multisistemikoa da, gorputzeko zenbait organotan dauka eragina eta glutenarekiko intolerantzian dago oinarrituta. Organismoak proteinatzat hartzen ez duenez, ezin du asimilatu, eta suntsitzen saiatzen da. Hori dela eta, hanturak sortzen dira, eta ehunen kalterako ere bada. Gaixotasun honetan baino ez, defentsa-sistemak organismoari berari egiten dio eraso.
Gaixotasuna izango balitz bezala hitz egiten duzu zeliakiari buruz…
Gaixotasuna da, ezer egin ezean, ondorio larriak sortu daitezkeelako. Izan ere, honako arazo hauek dituzten helduak datoz gurera: anemiak, osteoporosia, ilearen erorketa… Tratamendu farmakologikorik ez daukanez, badirudi administrazioarentzat ez duela gainerako gaixotasunek besteko garrantzirik, bere tratamendu bakarra dieta delako.
Gizartean oso-oso gutxi ezagutzen dugu gaixotasun hau?
Gero eta ezagunagoa da. Gaur egun glutenik gabeko dietak gero eta ugariagoak badira ere, ez dakigu joera hori ona den. Zenbait ospetsuk, Novak Djokovic tenislariak, esaterako, glutenik gabeko dieta egiten dute, euren jokoa hobetzen duelako. Hori dela eta, azalkeriatzat hartuko ote den beldur gara. Horrez gain, dietan glutenik behar ez dugula esaten hasi dira zenbait dietista. Hori, ordea, gezur hutsa da, zeliakoak beste alde batetik konpentsatu behar dituen bitaminak eta aminoazidoak eskaintzen dituelako glutenak.
Gaixotasun hereditarioa ote da?
Geneetan zehaztuta badago ere, garatu egin dezakezu, edo eramailea izan zaitezke. Osagai genetikoa eduki behar duzu, glutena hartzen egon behar zara eta, aldi berean, ingurumen-faktorea ere agertu behar da tartean, Adenovirus 12 ospetsua, alegia. Ingurumen-faktore biriko hori, hain zuzen ere, defentsak jaisten direnean agertzen omen da; esate baterako, erditzean, ebakuntza jasatean, gaixorik egotean edo estres fisiko edo emozionala edukitzean.
Zer adinetan antzematen da?
Uste ez bezala, ez da umeen gaixotasuna. Orain arte, ehuneko handiena umeena zen, medikuek umeen artean baino ez zutelako bilatzen, baina, batez ere, 2 urtetik aurrera, hau da, glutena dietan sartzen zenetik. Edonola ere, gero eta sarriagotan ikusten dugu gaixotasuna edozein adinetan agertu daitekeela, hots, 50, 70… urte ditugunean.
Zein dira kontuan hartu beharreko sintoma arruntenak?
Besteak beste, hazteari uztea, pisua galtzea, altueran atzera egitea eta gose ez izatea da ohikoena. Era berean, honako hauexek ere badira beste sintoma batzuk: beherakoak, idorreri kronikoak, sabelalde konkortua (ondo elikatuta egongo ez balira bezala)… Horrez gain, ondoez horren ondorioz, aldarte txarra, tristezia eta izaera zaputza ere badituzte.
Diagnostikoa egin ondoren…
Sintomak antzeman ostean, medikuarenera joan beharra dago glutena dietatik kendu gabe. Oso garrantzitsua da hori egitea, batzuetan horren ondorioz balitekeelako diagnostikoa atzeratzea, zailtzea edo faltsutzea. Hori dela eta, diagnostikatu ondoren kendu beharra dago glutena.
Zein da umeei zeliakoak direla esateko modu egokiena?
Beti-beti, egia esan beharra dago, naturaltasunez eta soiltasunez jokatu, umeek ulertu dezaten. Seme-alabei azalpenak emateko zenbait komiki edo ipuintxo eskaintzen dizkiegu gurasoei, umeak historiako protagonistak izan daitezen. Umeei ulertarazi egin behar zaie zenbait elikagai kaltegarriak direla euren urdailarentzat eta beste batzuk ez. Dena dela, gurasoek eurek azalduko diete zein diren.
Hala ere, sarritan, gurasoak eurak dira asimilatzeko arazo handiena dutenak. Lehenengo eta behin, gurasoekin lan egin behar dugu, gaixotasuna dela eta dietaren bidez tratatzen dela onartu dezaten. Lasaitu egin behar ditugu, psikologo-lana egin behar dugu, enpatizatzeko eta arazoa leuntzeko. Umeentzat oso garrantzitsua da gurasoek lagunei, familiari eta ingurukoei ahalik eta naturaltasun handienaz jakinaraztea. Ahal beste egin beharko dute, umeak zailtasunik gabe integratu daitezen. Irakasleekin, jantokikoekin eta adiskideekin hitz egin beharko dute, umeen egunez egunekoa ahalik eta errazen garatu dadin.
Jarraipen medikoa eduki beharra dago?
Sei hilabeteren ostean kontsultara itzultzeko eskatuko die medikuak, eta, gero, urtean behin joan beharko dira, harik eta antigorputzak negatibizatu arte. Helduei diagnostikatu ondoren, odoleko antigorputzen proba egin beharko dute urtean behin, dieta ondo egiten duten jakiteko modu bakarra delako. Izan ere, jende asintomatiko asko dago.
Elkarteek zeresan handia dute zeliakoei laguntzeko eta orientazioa emateko orduan?
Diagnostikatu ostean, elkarteetara jotzea izan ohi da medikuen aholkua, gaixotasuna onartzen laguntzeko eta gaixotasunarekin bizitzen ikasteko. Honako gai hauei buruz hitz egiten diegu: glutenik gabeko produktu ziurtatuak, saltegietan aurkitzeko prozesua eta orain dela urte gutxi ezarri diren etiketak eta logoak. «FACEk kontrolatua» berme-marka dugu (Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioa), eta produktuak irizpide zorrotzen arabera behar bezala ekoizten direla ziurtatzen du. Horrez gain, Europako arautegia, ELS (Europako Lizentzia Sistema) edo barradun galburua ere hartu behar dira kontuan. Azkenik, gure elkarteak elikagaien zerrenda ere argitaratzen du, enpresei elikagaien osaketari buruzko informazioa eskatu ondoren. Bertan, gainera, fitxa tekniko eta analitikoak ere azaltzen dira. Bestetik, zeliakoentzako janaria prestatzen duten jatetxeen zerrenda ere eskaintzen dugu.
Izan ere, Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioa aitzindaria izan zen “FACEk kontrolatua” berme-marka kaleratzean…
ENAC egiaztapen-erakunde nazionalak aitortutako elikaduraren kalitatearen zigilua da, hain zuzen ere. Glutenaren kontrola aipatzen duen marka bakarra da Europan, ekoizpen-prozesu osoan ezartzen du kontrolerako sistema eta, urtero, industrietan nahiz laborategietan auditatu eta egiaztatu egiten da.
Gurasoak lasai egon daitezke seme-alaba zeliakoak ikastetxeko jantokira bidaltzen dituztenean?
Euskadin, Eusko Jaurlaritzako arautegiak cateringeko enpresak edo sukaldeak homologatzen ditu, glutenik gabeko ogia eta pasta eskaini ditzaten, hau da, zeliakoentzako dieta berezia eduki dezaten. Horrez gain, 2006. urtean, lankidetza-hitzarmena sinatu genuen Euskadin lan egiten duten cateringeko enpresa edo sukalde guztiekin, glutenik gabeko dietari buruzko prestakuntza emateko, dieta hori ezartzeko eta hornitzaileen marken berri emateko. Hori dela eta, umeak eskolaratzen dituztenean, hobe izango da gurasoek informazio berezia eramatea eta ikastetxeak zer cateringekin lan egiten duen galdetzea.
Erraza da merkataritza-zentroetan produktu zeliakoak erostea?
Glutenik gabeko gero eta produktu gehiago daude salgai azalera handietako linealetan nahiz denda berezietan. Edonola ere, ohiko kontsumorako produktuen linealetan glutenik gabeko produktuak sartzeko nolabaiteko joera dago gaur egun. Hori dela eta, askoz zailagoa da erosketak egitea. “Glutenik gabe” modan dagoenez, hainbat eta hainbat produktutan jartzen dira “glutenik gabe” etiketak, orain arte nekez agertzen ziren arren.
Inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen dute zeliakoek?
Zeliakoentzako produktu bereziak (ogia, gailetak eta pastak) glutenik gabeak izan behar direnez, garestiagoak dira. Federazioak egindako azterketako kalkuluen arabera, kide zeliako bat daukan familiak 1.500-1.600 euro gehiago gastatzen ditu urtean. Urteak daramatzagu borrokan, behar besteko laguntzak lortzeko. Hala ere, oso-oso erkidego gutxitan ematen dituzte dirulaguntzak, Valentzian eta Extremaduran, besterik ez. Bizkaian, ordea, aurton laguntzak lortu ditugu lehenengo aldiz.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra
 

(Visited 92 times, 1 visits today)