CASTELLANO

 
Orain dela urteak, goi-profileko jatetxeak izan ziren berritzaileak ziren kontzeptu batzuekin bat egin zuten lehenengoak: slow fooda eta 0 kilometroa. Bi kontzeptuek esparru egokia eskaintzen zuten, eskaintza gastronomikoaren kalitatea nabarmentzeko. Slow fooda, fast foodaren kontra, eta 0 kilometroa, jatetxetik hurbil ekoizten ziren eta kalitate handiko produktuen adierazgarri ziren produktuak definitzeko. Sukaldari askok bat egiten zuten ikuspegi horrekin, baina asko bilakatu da, harik eta gure elikaduraren sorlekuaren zein ezaugarrien garrantziaren inguruan gero eta hedatuagoa eta herritarragoa den ikuspegi arduratsua sortu arte.

 

0 kilometroa hurbileko produktuaren sinonimo zoriontsu moduan erabiltzen da. Produktu eta lehengai horiek, haien kalitate gastronomikoa edonolakoa dela ere (hurbiltasuna zaporeen onurarako ere baden arren), eragin ekonomiko handiagoa dute azken kontsumitzailearen beraren ingurunean, baita ingurumen-aztarna txikiagoa ere, produktu moduan duten zikloan kostu energetiko txikiagoa dutelako, besterik ez.

 

Beroketa globalaren itzal mehatxatzailearen pean, gobernuek eta herritarrek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote elikaduraren arloan ere hartzen dituzten erabakien eraginari. Hartara, hurbileko produktua sustatzeko prozesua eta errekuntza bidezko ibilgailuen zein beste ekimen batzuen erabilera murrizteko prozesua ikuspegi bereko osagaiak dira: denon etxea den planeta zaintzea, gure gaur egungo garapen-ereduak etorkizuneko belaunaldietan duen eragina gutxitzeko.

 

Elikakate osoko elementuak 0 kilometroaren kontzeptuaren inguruan bateratzen ari dira. Hurbileko produktuak aurkitzen ditugu geure supermerkatuetan, eta produktu horiek era bereizgarrian jartzen dituzte salgai. Jantoki kolektiboak kudeatzen dituzten enpresa batzuek hurbileko produktuak sartzen dituzte euren menuetan. Jatetxe askok (oraindik ere, goi-gamakoak, gehienbat) hurbileko produktua dute ezaugarri bereizgarri, eta euren lehengaien zati bat landatzeko eta ekoizteko etxaldeen zein baratzeen jabeak ere badira. Apurka-apurka, hiriko baratzeak hedatzen ari dira kontsumitzaileen egunez egunekoan, eta, haiei esker, oinez edo bizikletaz banatzen da ekoitzitakoa, nahiz eta oraindik ere energiaren kontsumoa handia den.

 

Hurbileko produktuen onura ugarien artean, sozioekonomikoak eta kulturalak nabarmentzen dira. Zenbat eta hurbilago, orduan eta bitartekari gutxiago eta, horren ondorioz, ekoizleentzako baliabide zuzen gehiago. Europan, gainera, familia-unitateak dira funtsean. Horren ondorioz, nekazaritza-sarea indartzen da, eta, horrela, eremu geografiko zabaletako despopulazioari aurre egiten zaio.

 

© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra

(Visited 34 times, 1 visits today)