Maiatzaren 31 2021eko azken lan-eguna izan da antxoaren harrapaketan lan egin duten baxurako kofradientzat.

Arrantzaldi ona izan da, urterako zehaztutako kuotaren %90 baino gehiago harrapatu delako, 26.500 tonakoa zela kontuan hartuta. Soberakoa bigarren seihilekorako geratzen da.

Hasiera ez zen itxaropentsua izan, data goiztiarrean (martxoaren 1ean) arrantzaleek kontserba-industria handiarentzat erabilgarriak ez ziren balio txikiagoko ale txikiak aurkitu zituztelako. Gero, ale handiagoak eta errentagarriagoak aurkitu ziren Asturias inguruan; euskal portu nagusietatik urrun, beraz. Azken hilabetean, antxoa handiagoa harrapatu da itsasbazter osoan, baina lonja aktiboak asturiarrak izan dira batez ere, bertako kostaldeetan egundoko antxoa-sarda kokatu zelako.

Kofradien eta zenbait azterlan zientifikoren ustez, antxoaren biomasa egoera onean dago. 2020ko kalkuluen arabera, jasangarritasuna bermatzeko behar zena baino 15 aldiz handiagoa zen.

Antxoaren arrantzaldia amaitutakoan, itsasontziak hegaluzetan joateko prestatzen ari dira orain, kontserba-industriarako ere oinarrizkoa dena. Denboraldiko lehenengo alea ez zen 100 kiloko pisura heldu, Azoreen inguruan harrapatu zen eta ekainaren 1ean saldu zen Avileseko lonjan 350,60 euroan. Pasaiako Gaztelugatxeko Donienek harrapatu zuen, harrapaketa honetan erreferentziako itsasontzia dena, eta lehorreratutako lehenengo hegaluzearen erosle moduan tradizio luzeari eusten dion supermerkatu-kateak erosi zuen.

 

© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra

(Visited 148 times, 1 visits today)