Zopak eta saldak, ezinbestekoak neguan
Hotza iristean, plater beroak itzultzen dira gure mahaira, eta oso lagungarriak dira gorputza berotzeko eta behe-tenperaturei aurre egiteko. Hain zuzen ere, zopak eta saldak dira neguko plater bereizgarrienetakoak. Koilaraz jateko plater ospetsuak dira, eta sukaldaritzako tradizio zein kultura guztietan azaltzen dira.
Zopek eta saldek organismoa berotzen digute, eta hidratatu ere egiten gaituzte, haien osaketaren %90 ura da-eta. Hilabete hotzetan ura edateko gogo gutxiago dugula kontuan hartuta, funtsezkoak dira gure hidratazioari begira. Beraz, oso gomendagarria da geure dietan sartzea.
Era berean, zopa freskagarriak ere badaude, hilabete beroenetan jaten ditugun gazpatxoa eta salmorejoa, esaterako.
“Oso gomendagarriak dira bazkaritan nahiz afaritan, dieta orekatu bezain ugariaren osagaia dira-eta.”
Erraz-erraz prestatzen dira, horretarako sukaldaritzako jakitate handirik eduki behar ez delako. Ura irakin ostean, nahierako osagaiak eransten dira. Hainbat eta hainbat osagai erabili ahal izango direnez, era guztietako zaporeak eta testurak lortu ahal izango dira.
Oro har, haien eduki kalorikoa urria bada ere, areagotu egin ahal izango da, barazkiak, arrautzak, gazta, esnea edo zerealak erantsiz gero. Barazkiak eta ortuariak erabiltzen badira, oso egokia izango da luzaroan egostea, bitaminarik ez galtzeko eta elikagarri guztiei onura ateratzeko.
Ezagunenak eltzeko-zopak, barazki-zopak eta berakatz-zopak dira. Era berean, beste plater batzuetarako oinarri moduan ere erabiltzen dira; esate baterako, pureak, arrozak edo pastak. Oso gomendagarriak dira bazkaritan nahiz afaritan, dieta orekatu bezain ugariaren osagaia dira-eta.
Janari osasungarria dira, eta ezin hobeto bat datoz beste edozein platerekin. Horrez gain, bero zerbitzatzen direnez, astiro jan behar dira, gehiago asetzen dute eta, horren ondorioz, jangura ere murrizten dute. Haien eduki kalorikoa urria denez, oso aliatu onak dira pisua galtzeko orduan.
Askoz gomendagarriagoa da etxeko zopa industrializatua baino, osagaiak naturalagoak direlako eta, horrez gain, gatz zein koipe gutxiago ere baduelako.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra