Arazo estetikoa ez ezik, larregizko pisua osasun-arazoa ere bada, batik bat. Ohitura osasungarriek gorputzaren pisuari eusten lagunduko digute, baita luzaroago eta hobeto bizitzen ere.
Nutrizioaren Egunean, FESNADek (Espainiako Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Federazioa) honako aholku hauek proposatu ditu, gure elikadura orekatuagoa izan dadin:
– Egunero gosaltzea (esate baterako, fruta + zereala + esnekia).
– Egunean, 3 ale fruta jatea.
– Bazkari eta afarietan, barazkiak jatea.
– Astean 2-3 aldiz, lekaleak jatea.
– Osoko zerealen, arrain urdinaren eta zuriaren kontsumoa areagotzea.
– Haragi koipetsu, hestebete… gutxiago jatea.
– Arrazio txikiagoak jatea.
– Gozoki, “zizka-mizka” gazi, opil, aurretiaz prestatutako janari… gehiegi ez jatea.
– Koipe gutxiko sukaldaritza-tekniken erabilera sustatzea eta oliba-olioa erabiltzea.
Aurtengo Nutrizioaren Egunaren helburu nagusia umeen loditasuna bada ere, aholku horiek helduentzat ere badira, gaur egun loditasuna nutrizioko arazo nagusietakoa da-eta. Oso kontuan hartu behar dugu elikadurako ohiturak, beste hainbat gauza bezala, haurtzaroan barneratzen direla eta helduok umeentzako eredua garela.
Horrela, bi helburu lortuko ditugu: batetik, geure osasuna hobetzea; eta, bestetik, txikienen artean ohitura osasungarrien oinarri ona eratzea.
Elikadura osasunerako funtsezko zutabea den arren, oso gogoan eduki behar dugu beste jarduera osasungarri batzuk ere egin beharko ditugula; esate baterako, jarduera fisikoak (geure seme-alabekin jokatzea aitzakia ezin hobea izan daiteke, ariketa fisiko moderatua sarritan egiteko –gomendioen arabera, umeek egunean gutxienez 60 minutuz egin behar dute kirola-). Izan ere, ariketa fisikoaren faltak eragin handia dauka larregizko pisuan nahiz gaixotasun kronikoen osteko garapenean; esate baterako, diabetea, hipertentsioa, hesteetako arazoak… Familiako eta eskolako ingurunea funtsezkoa da umeek zenbait elikagairen aurrean duten jarrera zehazteko orduan eta elikadurako ohiturak nahiz jarduera osasungarriak sendotzeko orduan.
 
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 350 times, 1 visits today)