Jano mitologia erromatarreko jainkoa da, eta kontrako norabiderantz begira dauden bi aurpegi ditu. Jainko horrek dualtasunarekin lotutako dohain asko omen dauzka, eta, araketa zientifikoaren historian atzera begiratuz gero (bere aurpegietako batek egiten duen bezala), ikerketaren jainkoa ere badela esan beharko genuke (nutrizioaren arloan, batez ere). Badago beste jainkorik atzo ona zena gaur txarra dela babestu dezakeenik edo atzo egia zena gaur ez dela?
Kolesterola gogoratu dezagun. Bihotz-hodietako gaixotasunen errudun handiena izateagatik egin zen ospetsu. Gaur egun, ordea, kolesterol ‘ona’ eta kolesterol ‘txarra’ daude. Era berean, atal honetan bertan ere, orain dela gutxi azaldu genuen gaur egun elikagaien koipeek ez dutela antzinako estigma orokor hura eta txarrak (eraldatuak), ez hain onak (aseak) eta onak daudela (monoasegabeak eta poliasegabeak).
Azken egunotan, Janok beste era bateko koipea ere babestu du, gorputzekoa, hau da, gaur egungo gizartean asko eta asko larregi eta nahi gabe metatzen ari garen koipe hori. Behinola, koipe hori beharrezkoa eta gurtua ere bazen giza espeziearentzat, biziraupenaren eta heriotzaren arteko aldea izan zitekeelako goseteetan.
Orain, ostera, badakigu koipe hori bi ‘zaporetakoa’ edo, hobe esanda, bi ‘koloretakoa’ dela. Koipe zuria ez da hain ona, eta energia gordetzen du. Koipe marroia (edo arrea), ordea, ona da, eta energia kontsumitzen du. Gure espeziean, lehenengoa arruntena da, eta bigarrena haurtxoek baino ez omen zeukaten. Hala ere, orain dela gutxi egiaztatu ahal izan dutenez, helduek ere badute bigarren koipe hori, baina lepoko gune sakonean eta inguruan, batez ere.
Beraz, loditasunaren aurkako borroka latz horretan, arrea gure aliatua da; eta zuria, gure etsaia. Argi eta garbi dago gizakien gorputzean indar etsaien kopurua aliatuena baino askoz handiagoa dela, gero eta atzerago egin dugulako loditasunaren aurkako borrokan. Jakitate horietan oinarrituta, guztiok jakin nahi dugu etsaiak jaka aldatzea eta gure alde egitea lortu dezakegun, hau da, koipe zuria arre bihurtu daitekeen eta, bando berri horretatik, lehenengoaren larregikeriak ‘erretzen’ lagundu ahal digun.
Azken urteotan, prentsa zientifikora heldu dira esparru zuritik arrera gertatutako bihurketei buruzko txosten positiboak. Hala ere, azken egunotan, nabaritasuna inoiz baino sinesgarriagoa izan da, Zuricheko Elikadura, Nutrizio eta Osasun Institutuko zientzialariek euren aurkikuntzak ‘Nature Cell Biology’ aldizkarian argitaratu dituztenean. Dena dela, sarritan gertatzen den bezala, lan hori saguekin garatu denez, oraingoz ez dago jakiterik gizakien artean arrakastarik izango duen.
Alde horretatik, bere garaian behatu eta egiaztatu egin zen gizakiok (saguak bezala) hoztasunera egokitzeko gai garela. Horretarako, koipe-zelula arreak sortzen ditugu gantz zurian. Edonola ere, prozesu hori eraldaketa horretarako gai ziren zelula berezi gutxi batzuetan baino ez omen zen gertatzen, eta, ondoren, desagertu egiten ziren beharrezkoak ez zirenean. Beraz, ikertzaile horiek lehen aldiz egiaztatu ahal izan dute koipe-zelula zuriak arre bihurtu daitezkeela ingurumeneko tenperaturaren arabera. Hau da, zuriak arre bihurtzen dira behe-tenperaturetan. Arreak, ordea, zuri bihurtzen dira, tenperaturak gora egiten duenean.
Aurkikuntza horren ondorioz, badirudi loditasunaren sendabidea ageri-agerikoa dela: guztiok poloetara emigratzea (ekologiaren aldetik ez da oso gomendagarria) edo gure logelak hozkailuak izatea (ez da oso erakargarria, ez genukeelako helburu hori lortuko tapaki ugariz estaliz gero). Hori dela eta, iradokizun horiek aurretiaz zabaldutako beste irtenbide batzuek edukitako besteko arrakasta izango lukete loditasunari aurre egiteko orduan. Beraz, ‘bihurketa arteko’ horretan parte hartzen duten mekanismo molekularrak zein diren jakitea izango litzateke erronka, horri esker elikaduraren edo farmakologiaren bitartez erraz gauzatzeko moduko terapia eta gomendio arrakastatsuagoak ezarri genitzakeelako.
Halaber, ezusteko eragingarria ere izan liteke, berokuntza globalarena seriotasun handiagoaz hartzeko eta, horrela, bide batez bi mandatu egiteko. Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen munduko loditasunari buruzko iragarpen apokaliptikoekin, giro-tenperaturaren zenbait gradu gehiagotako goranzko joera kontuan hartuko bagenu. Agerikoa denez, koipe zuriak ez luke arre bihurtzeko inolako interesik edukiko.
Laburbilduta, aldez aurretik ez dugu lodiak izateko inolako zehaztapen genetikorik. Modu berean, badirudi gure koipe-zelula zurien helburu bakarra ez dela energia gordetzea, unea iritsitakoan eta estimulua egokia denean euren zeregina aldatu eta energia kontsumitzen hasi daitezkeelako. Beraz, eraldaketa hori zentzuz eta kontrolpean lortzea izango da erronka, loditasunari aurre egiteko orduan gaur egungoak (nahiz eta erabiltzen ez ditugun) baino arma gehiago eduki ditzagun: modu osasungarrian jatea eta gehiago mugitzea.


José Mª Ordovás* AEBetako Tuftseko Unibertsitateko USDA – Human Nutrition Research Center on Agingeko Nutrizio eta Genomika Laborategiko zuzendaria da, baita Nutrizio eta Genetikako irakaslea eta Madrilgo Elikadurako Ikaskuntza Aurreratuetako Institutuko (IMDEA) zuzendari zientifikoa ere.
 
Fuente: «El Mundo»

(Visited 56 times, 1 visits today)