CASTELLANO

Kroketak oso plater ospetsua dira, bazkari, zizka-mizka eta afari askotan jaten dira eta, inolako zalantzarik gabe, txikienen elikagai gustukoenetakoa ere bada.
Kroketak obalatuak edo biribilak dira, eta txikitutako zenbait osagai (urdaiazpikoa, oilaskoa, arraina, ziazerbak, gazta…) daramatzan ore-zatiaz eginda daude. Ore horren oinarria, gainera, bexamela da, hau da, irinez, esnez eta gurinez edo olioz egindako saltsa krematsu zuria. Gero, arrautzan eta ogi arraspatuan pasatu eta olio ugaritan frijitzen dira.
Historia
Frantzian dute jatorria, eta lehen aipamena XVII. mendean agertu zen Luis XIV.a errege frantsesaren gortean. 1817an Parisen egindako oturuntza batean, croquettes à la royale moduan aurkeztu ziren lehen aldiz. Laster, oso ospetsu egin ziren, eta errezeta moduan erabiltzen hasi ziren etxe askotan, hondakinei onura ateratzeko.
Gaur egun, arretaz eta sormenez egindako sinbolo gastronomikoa da, eta harrera handia dauka Sizilian, Herbeheretan eta Espainian, esaterako.
Nutrizio-balioa
Kroketek badute lekurik elikadura ugari bezain orekatuan, oso elikagai osoa delako ogia, arrautza, esnea eta zenbait osagai eramatean (barazkiak, oilaskoa, arraina, haragia…).

«Kroketek elikadura ugari bezain orekatuan lekurik badute ere, une berezietarako gehigarritzat hartuko dira dietan, gantz ase ugariko elikagaiak dira-eta.»

Euren nutrizio-balioa tamainaren eta osagaien araberakoa izango da. Gutxi gorabehera, 30 gramoko kroketak 60 bat kilokaloria dituen arren, 90era edo 100era ere iritsiko da frijitzean.
Esneak proteinak, kaltzioa zein bitaminak ditu; bexamelaren irinak nahiz ogi arraspatuak, gluzemia-indize handiko karbohidratoak; eta gainerako osagaiek (urdaiazpikoa, oilaskoa, arraina…), proteinak zein zuntza, batez ere.
Olioa ekarpen koipetsuaren errudun nagusia denez, murriztu egin ahal izango da behar bezala frijituz gero. Hobe da behar bezain bero egotea, zarakarra azkar eratzeko eta kroketaren barruan olio lar ez sartzeko. Horrela, oso kurruskari egongo da kanpotik.
Une berezietarako gehigarritzat hartuko dira dietan (asteburuak, ospakizunak…), gantz ase ugariko elikagaiak direlako, loditu egiten dutelako eta kolesterol-maila igotzen dutelako.
Koipea kentzeko aholkuak
Esne gaingabetua zein osoko ogi arraspatua erabili eta oliba-oliotan frijitu. Koipe lar eduki ez dezaten eta ezaugarri elikagarriak galdu ez daitezen, hobe da sukaldeko paper xurgatzailea jartzea azpilan.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra

(Visited 121 times, 1 visits today)