Seme-alabentzako elikadura egoki bezain orekatua gurasoen artean gero eta hedatuago dagoen kezka da. Seme-alabek behar bezala eta ugaritasunez (frutak eta barazkiak, esaterako) jan nahi ez dutenez, tira-bira handiak sortzen dira familietan.
Ez dugu zertan estuturik, adituen esanetan neska-mutilen %90ek “txarto jaten dutelako” euren bizitzako etaparen batean.
Lehenengo urtetik aurrera, oso zaila da umeek elikagai berriak jatea. Adin horretatik aurrera, gainerako umeek jaten dutenaren (kutsadura-efektua) eta helduek egiten dutenaren eraginpean egongo dira. Kontuz ibili beharra dago, elikagairen baten aurka jartzeko moduko mezurik ez igortzeko. Era berean, ahal dugun guztia egin beharko dugu, jateko uko hori arreta deitzeko eta gurasoei xantaia egiteko tresna moduan erabili ez dezaten.
Edonola ere, argi eta garbi izan beharko dugu oso zaila izango dela umeek helduok nahi dugun moduan eta unean jatea, euren erritmoa zehaztuko dutelako.
Hona hemen zenbait gomendio, ondo jaten ez duten umeak motibatzeko.
JANARIA EZ DA ZIGORRA. Janaria sari edo zigor moduan darabilgunean, beste kutsu bat emango diogu. Izan ere, emozio on edo txarrekin lotzean, jatorrizkoa ez beste eginkizun bat izango du: indartzea eta elikatzea.
MENUAK HELDUEK AUKERATUKO DITUZTE ETA EZ UMEEK
Umeen esku utziz gero, gustukoen dituzten platerak baino ez lituzkete jango. Hori dela eta, helduak izango dira menuak zein diren eta etxera zer elikagai sartzen diren erabakitzen dutenak. Gainera, umeei erabakitzen utziz gero, frustrazio-maila txikia izango litzateke nahi dutena lortzen ez dutenean.
BAIKORRA IZAN
Otorduak oso esperientzia onak izan beharko dira. Geure etsipena ezkutatu eta umeak zoriondu beharko ditugu, oso ondo jaten dutenean edo janari berriren bat dastatzen dutenean. Dena dela, ez dugu larregikeriaz jokatuko, otordua berezko ekintza izan beharko delako.
UMEEKIN PRESTATU JANARIA
Umeek oso-oso gogoko dute janaria prestatzea, helduen zereginak egitean nagusiak direla uste dutelako eta testurekin, zaporeekin… saiakuntzak egin nahi dituztelako. Umeek otorduen plangintzan eta prestaketan parte hartzen badute, badago euren jangura suspertzerik.
PLATERA EZ DA GARBI GERATU BEHAR
Ezin dugu inondik inora pentsatu ondo jateko platera hutsik geratu beharra dagoela. Umeek behar beste jango dute, eta, helduok bezala, euren premiak izango dituzte. Horrez gain, asetasun-sentsazioa ezagutzen eta horren ondorioz jokatzen ere ikasi beharko dute. Hartara, behar beste jango dutenez, loditasuna prebenitu ahal izango da.
PLATER DIBERTIGARRIAK PRESTATU
Begien bidez jaten dugu. Zergatik ez ditugu umeak horrela motibatuko? Barazkiz egindako aurpegiak, fruten broxetak… Eurekin jolastu eta ondo pasa, eta euren sormena suspertu.
UMEEK ZER IKUSI HURA IKASI
Seme-alabei elikadurako ohitura onak irakasteko, funtsezkoa izango da ondo jatea eta eurentzako eredua izatea. Esate baterako, umeek gurasoek frutarik jaten ez dutela ikusten badute, askoz zailagoa izango da elikagai hori dastatzea.
OTORDUA HASI ETA AMAITU EGITEN DA
Otorduak arauak izango ditu, eta platerak ordenan aterako dira. Ezin izango gara mahaian betiko jesarrita egon.
PAZIENTZIA EDUKI
Nahiz eta umeek astiro jan, pazientzia eduki behar dugu, eta ez diegu ahora jaten eman behar. Horrela jokatuz gero, gure atentzioa erakartzea baino ez dugu lortuko. Bakarrik jaten badute, autonomoagoak izango dira. Gainera, oso-oso gustuko dute hori egitea, nagusiak direla sentitzen dute-eta.
EZ ASALDATU
Irmo eta lasai jokatu beharra dago, negarraren edo oihuen bidez umeek gustuko dutena prestatzea lortu nahi dutenean. Azkenean, kasketaren bitartez ezer lortuko ez dutela konturatuko dira. Amore ematen badugu, ordea, boterea emango diegu. Gogoan izan zu zeu zarela heldua.
MOTIBAZIOA
Helburuak proposatu eta edonork ikusteko moduko lekuan jarri. Egutegia egin eta eranskailua itsatsi ondo jaten duten bakoitzean. Hasieran, arrazio txikiak eman eta apurka-apurka handitu. Saria eman, eranskailu-kopuru jakin bat lortzen dutenean.
KONTUZ! Litxarreriak, janari zaborra edo larregikeriak ez dira INOIZ saria izango, elkarrekin egiteko planen bat edo gustuko dituzten kromoak… baizik.
ELKARREKIN JAN
Ahal dela, familia osoak elkarrekin eta giro atseginean jango du, horrela umeak ere lasaitu egingo direlako. Helburu nagusia ez da umeen janaria izango, eta ez dugu larderiaz jokatuko. Otordua gozamenerako garaia ere bada. Era berean, gogoan izan umeek mahaia atontzen lagundu beharko digutela.
ASKARI OSASUNGARRIAK
Eskolatik gosez datozenean, janari osasungarriren bat eman. Mahaian bertan, zerbait utzi prestatuta, ikusten duten lehenengoa ase arte jan ez dezaten: gailetak, patata frijituak… Era berean, askari osasungarria euren kabuz prestatzeko aukera ere eman ahal izango diegu.
María Arrieta
Gastronomía Baskako psikopedagogoa
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu (postaren esteka laburtua, tinyposta) eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Aviso Legal

(Visited 115 times, 1 visits today)