CASTELLANO

Ekainak gereziak dakartza, eta fruta horrek protagonismo handia dauka Aragoin, fruta hori ekoizten duen autonomia-erkidego nagusia da-eta. Azken urteotan, gero eta garrantzi handiagoa du Boleako udalerrian egiten den azokak. Hartara, ekainaren 13an, San Antonio egunean, azoka horren XVII. edizioa egingo da.
Boleako hiribildua Huescako La Sotanerako udal-mugartean dago kokatuta. Kokaleku pribilegiatua da, eta gerezien ekoizpenerako mikroklima bakarra dago bertan. Hotz eta bero egiten dueneko orduak oso orekatuta daudenez, gerezia ondo baino hobeto garatzen da bertan. Emaitza aparta da benetan: fruta on-ona, gogorra, kurruskaria, hezur txikikoa, mamitsua eta gozoa.
Gerezia inguruan tradizionala den lehorreko laborea da, eta tokiko “garrafal” barietatea oso distiratsua, irmoa eta zaporetsua da. Ekoizle txikiek 60-70 hektarea landatzen dituzte gutxi gorabehera, eta fruta ezin gozoagoa sustatzen duen COCEBO Kooperatiban daude elkartuta (Boleako Gerezien Kooperatiba). Izan ere, ia-ia bertako bizilagun guztiek euren kontsumorako edo salmentarako gereziondoak dituzte.
Oraintsuago, beste barietate batzuk hasi dira sartzen, 30 baino gehiago, alegia: burlat, bing, kapins, ambrunes, sweetheart, summit… Horrela, bada, maiatzean gereziak biltzen hasi eta uztailean amaitzen dute.
Kalitate handienekoa fresko jaten da, eta txikiena ez da saltzen. Hala ere, azukre gehiago daukanez, beste xede batzuetarako erabiltzen da: marmeladak, bonboiak, pintxoak (karamelututa), almibarretan hornigai moduan…
Boleako Gereziaren Azoka udalak berak antolatzen du, eta Aragoiko azoka ofiziala da 2006. urteaz geroztik. Udalerriko plaza nagusia saltokiz betetzen da, eta, bertan, gerezi bildu berriak jartzen dira salgai goizeko lehen ordutik.
Azokan bertan, hainbat jarduera ere garatzen dira: kalejirak, artisauen saltokiak… Horrez gain, tokiko ostalariek, tabernariek nahiz pastel-dendek, ekimenarekin bat egin eta gereziz prestatutako menuak zein azkenburukoak eskaintzen dituzte.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 287 times, 1 visits today)