CASTELLANO
 
Singapurreko lurraldeak hirurogeita hiru uharte ditu osagai, eta bere azalera 697 km²-koa da guztira. Gipuzkoakoa baino hiru aldiz txikiagoa den azalera horretan, 5.677.000 lagun bizi dira, hau da, euskal lurraldean baino zortzi aldiz gehiago. Dentsitatea hain handia denez, Asiako errepublikako azaleraren %1 baino ez da erabiltzen nekazaritzako ekoizpenerako. Hori dela eta, ia-ia erabateko menpetasuna dute inportazioekin. Pandemiaren garaian, Singapurrek ulertu egin du menpetasun horren ondorioz oso zaurgarria dela, eta arazoari aurre egin dio: nola handitu nekazaritzako ekoizpena azalerarik eduki gabe eta, ahal dela, metereologiak nekazaritzako lanen emaitzan duen eragina murriztuta.

«Irtenbideek puntuz puntu erantzuten diote arazo horri: ez dago azalera horizontalik, baina bertikalik, bai; meteorologiaren ziurgabetasunaren aurrean, barruko nekazaritzaren segurtasuna; lurraren ordez, irtenbide hidroponikoa.» Singapurrek bertako nekazaritzako lurraldea suntsitu zuen XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, bizitegi-etxe orratzak eta sektore aurreratuetako enpresen egoitza nagusiak eraikitzeko. Duela hamabi urteko krisi finantzarioan, errepublika txikiak bere elikadura-menpetasunaren ondorioak jasan zituen, prezioek gora egin zutelako oro har eta Txinako ekoizpenaren krisia nabaria izan zelako. Izan ere, bere funtsezko hornitzailea da, eta arazo handiak izan zituen uztekin.

Nola ekoitzi bertikalean eta menpetasuna murrizteko asmo handiko helburuak lortzeko besteko kopuruan eta kalitatearekin? 2019an, BBCk azaldu zuenez, fruten zein barazkien ekoizpena “milioidun booma” zen hirietan. Hona hemen gakoa: oso-oso teknifikatuta dauden edukiontziak darabiltzate argia, hezetasuna zein CO2 kontrolatzeko, eta urak elikagarri asko ditu.


«Hori dela eta, produktuak hazi egiten dira, softwarearen kontrolpean eta adimen artifizialaren erabilera intentsiboaren bitartez. Ingurumenari begira, etxalde bertikal horiek hirietan daudenez, kutsagarriak ez diren sistemen bidez egiten da banaketa, eta ez da pestizidarik erabili behar.»


LED argiak, robotika eta adimen artifiziala bateratzen direnez, badirudi hiriko etxalde horiek ezartzeagatiko gaur egungo kostuak apurka-apurka gutxituko direla. Era berean, laborantzen zabalkuntzari begira ere egin dute aurrera. Hosto berdeko landareak errazagoak dira, baina beste laborantza batzuek, marrubiak, esaterako, argi garestiagoak behar dituzte, elektrizitate gehiago kontsumitzen dute eta bero handiagoa sortzen dute. Edonola ere, nekazaritzako ekoizpen-modu horretako ekimenak hedatzen diren neurrian, oztopoak gainditzen ari dira, eta errazagoa da laborantza gehiago eta gehiago abian jartzea. «Beraz, baliteke munduko elikagai-ekoizpenaren eraldaketa sakonaren hasieran egotea.»

Singapurrek prozedura horietan begirada jarri duela kontuan hartuta, argi eta garbi dago ahal handia duela. Singapurrek inportazioei kentzen dien kilogramo bakoitzeko, hobekuntza objektiboa lortzen du herrialdeko burujabetzari begira, eta bultzada ere ematen dio nekazaritza bertikalari. Elikagaigintzako politiken ingurumen-fiskalizazioa gero eta handiagoa denez, oso kontuan hartu beharreko beste faktore bat da ekoizpen-modu hori ezin tokikoagoa dela.

 

© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra

Argazkia: www.boweryfarming.com/

(Visited 122 times, 1 visits today)