[button url=’https://wp.me/p4op7e-1uI’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
 
Eltzekoa neguko plater tradizional ohikoenetakoa da. Era guztietako osagaiak daramatza leku bakoitzaren arabera, eta astiro-astiro prestatzen da su motelean.
Jatorrian, eltzekoa lekuaren eta produktuen urte-sasoiaren arabera lortu zitezkeen osagaietara egokitzen zenez, familia xumeenen eguneroko janaria zen, plater bakarra, alegia.

«Eltzekoa neguko plater tradizionala da, eta lekuaren arabera eskuragarri dauden osagai ugari daramatza.»

Eltzeko guztiek badute antzekotasunik, urez betetako lapiko handi batean era guztietako osagaiak botatzen direlako: txitxirioak, oilaskoa, txerrikia, txahalkia, urdaiazpiko-hezurrak edo kanabera-hezurra, aza, azenarioak, patatak… Era berean, hestebeteak, “sakramentuak” ere badira oso garrantzitsuak: kolore gorrixka bereizgarria ematen dion txorizoa, zaporea eta leuntasuna ematen dizkion urdaia, eta penintsula osoan era guztietako barietateak dituen odolostea. Eltzekoetan, tradizioaren arabera fideoak daramatzan zopa jaten da lehendabizi; gero, barazkia daramatzaten txitxirioak; eta, azkenik, haragia, tomatearekin edo piperrekin, aukeran.
Balio elikagarria
Era guztietako osagaiak daramatzanez, lekaleen, haragien eta ortuarien elikagarri guztiak eskaintzen ditu: karbohidratoak, lipidoak, landare zein animalia jatorriko proteinak, mineralak… Badago balio elikagarria aldatzerik, osagaiei eutsi eta proportzioak aldatuz gero.
Eduki kalorikoa murrizteko gomendioak
Neguko hilabete hotzetarako plater egokia denez, higadura fisiko eta mental handiagoari aurre egiteko gai da. Hala ere, kaloria asko ditu. Gure premietara egokitzen den errezeta sortu ahal izango dugu. Horretarako, osagaiak banatzeko orduan, jankideen pisua, jarduera eta egoera fisiologikoa hartu beharko dira kontuan, betekada eragiteko moduko janaria izan ez dadin.

«Eltzekoaren eduki kalorikoa oso handia denez, gure premietara egokitu behar dugu. Horretarako, beharrezkoa ez den koipea kendu beharko dugu.»

Platera hain koipetsua izan ez dadin, oso gomendagarria da plater honetako haragia modu osasungarrian prestatzea. Odolosteak, txorizoak eta saiheskiek koipe asko dutenez, aparte egosi beharko ditugu eduki kaloriko handi hori ekiditeko.
Era berean, oso egokia ere bada eltzekoa egun batetik bestera egitea, hozkailuan sartzea eta, hurrengo egunean, gainazalean agertzen den koipea espatularen bidez kentzea. Hartara, animalia-jatorriko koipe gutxiago jango dugu, eta eduki kalorikoa murriztuko dugu nabarmen.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 149 times, 1 visits today)