CASTELLANO

Erik Regidor Odontologiako lizentziaduna da, Endodontzia Klinikoko Masterra dauka eta Bizkaiko Dentisten Elkargo Ofizialeko gazte odontologoen bokal ordezkaria da.
Oro har, egokia da gure hortzetako higienea?
Gaur egun, egia da gizartea kontzientziatuago dagoela hortzen osasun egokiaren inguruan, baina oso gogoan eduki beharra dago aldian-aldian joan beharra dagoela odontologoarenera eta hortzetako higienerako gomendatutako jarraibideak bete behar direla.
Badakigu nolako garrantzia duten gure elikadura-ohiturek aho-hortzen osasunean?
Askotan, ez dakigu zenbait elikagaik nolako kaltea egin ahal dieten hortzei. Azukre asko dituzten guztiak, hau da, gozokiak eta opil industrialak, oso-oso kaltegarriak dira gure hortzen osasunerako. Horrez gain, zuku, edari azido, freskagarri edo edari alkoholdun asko edanez gero, nekez konpontzeko moduko higadura edo abrasioa gertatu ahal izango da hortzetan. Horrelako edariek listuko pHa murrizten dutenez, hortzak desmineralizatzen hasi ahal izango dira, eta askoz giro egokiagoa sortuko da, txantxarrak eta hortzen gainazaleko abrasioak edo higadurak agertzeko.

“Zuku, edari azido, freskagarri edo edari alkoholdun asko edanez gero, nekez konpontzeko moduko higadura edo abrasioa gertatu ahal izango da hortzetan.”

Zein dira ahoa osasuntsu edukitzeko ohitura egokiak? 
Otordu bakoitzaren ostean, bi minutuz eskuilatu beharko dira hortzak, eta, beharrezkoa izanez gero, hortzetako haria edo hortz arteko eskuilak erabili ahal izango dira higiene horren osagarri. Gainera, oso gomendagarria da elikadura-ohitura onak edukitzea eta ahoaren osasunari zein osasun orokorrari begira hain kaltegarria den tabako-ohitura bertan behera uztea.
Badago hortzen “babeslea” edo laguna den elikagairik? Zein dira?
Elikagai batzuek hortzak babesten dituzte, eta oso lagungarriak dira ahoko zenbait patologiaren garapena ekiditeko orduan. Esnekiak jatean, hortzak are babestuago egongo dira txantxarraren aurrean. Bestetik, zenbait fruta eta barazki (sagarra, azenarioa eta apioa, esaterako) oso lagungarriak dira hortzetan eratutako plaka bakterianoa garbitzeko orduan. Azkenik, azukrerik gabeko txikleak jatean listu gehiago jariatzen denez, txantxarren aurkako giroa sortuko da.
Hortzen osasunari begira, zein dira kaltegarrienak?
Batez ere, azukredun produktuak, litxarreriak eta opil industrialak. Gainera, edari azukredun, gasdun edo karbonatuen ondorioz ere, txantxarra agertu eta are plaka bakteriano gehiago metatuko da. Kafe larregi edatea ere kaltegarria izango da gure hortzetarako.
Badago eragin zuzenik hortzen osasun onaren eta osasun orokor onaren artean?
Gaixotasun periodontala edo piorrea behar bezala kontrolatzen ez bada, egiaztatuta dago bihotz-hodietako gaixotasunak edukitzeko arrisku handiagoa dagoela. Aldi berean, kontrolik gabeko gaixotasun periodontalak gluzemiaren mailak aldatzen ditu diabetikoetan, eta eragin zuzena dauka kolesterolean.

Diabetean, esaterako, oso gomendagarria da ahoaren osasuna ondo baino hobeto zaintzea?
Egindako azterlanek argi eta garbi egiaztatu dute bi norabideko harremana dagoela gaixotasun periodontalaren eta diabetearen artean. Diabetearen ondorioz, hantura handi-handia sortzen da oietan dauden bakterioen aurka. Halaber, organismoaren defentsak ere aldatu egiten dituenez, hezurraren nahiz oiaren suntsipena ere azkartzen da. Aldi berean, gaixotasun periodontalak gluzemiaren kontrol txarragoarekin ere badu zerikusirik diabetikoen artean. Hori dela eta, tratamendu eta artapen periodontal egokiak gluzemiaren mailak hobetzen ditu. Era berean, diabetearen ondorioz ere ahoa lehorrago dagoenez, txantxarrak agertzeko giro egokiagoa sortzen da.
Gurasoek nola sustatu behar dute hortzen zainketa seme-alaben artean?
Ezinbestekoa da gurasoek ahoaren higienerako ohiturak sustatzea seme-alaben artean eta ohitura horietan heztea ere bai. Aldi baterako hortzak edo esne-hortzak ere zaindu behar dira, esne-hortza aurreikusi baino lehen galduz gero, aldaketak sortu daitezkeelako behin betiko hortzetan. Gurasoek seme-alaben hortz-garbiketa ikuskatu behar dute, eraginkortasunez eskuilatzen dituztela egiaztatzeko. Hortzak errazago eskuilatzeko, jokoren bat egin ahal izango da umeekin. Epealdi horretan, gozoki gutxi jan behar dituzte, eta 4 edo 6 hilean behin joan behar dira dentistarenera. Oso garrantzitsua da gurasoak adibide ona izatea eta ahoaren osasun ona edukitzea, txiki-txikitatik umeek zeinen garrantzizkoa den jakin dezaten.

“Nutrizioak hortzen garapenean dauka eragina, hazkuntzako beste faktore fisiologiko batzuetan ohikoa den bezala.”

Dietak eta nutrizioak eragin erabakigarria dute hortzen garapenean?
Nutrizioak hortzen garapenean dauka eragina, hazkuntzako beste faktore fisiologiko batzuetan ohikoa den bezala. Ezinbestekoa da umeek ekarpen egokiak edukitzea kaltzioan, fosforoan, fluorrean eta A, C zein D bitaminetan. Elikagarri horien defizitak hortzen garapeneko zenbait faktoretan izan dezake eragina. Halaber, nutrizioa funtsezkoa da garapen fisiko eta mentalaren gehienezko mailak lortzeko.
Zer adinetatik aurrera da gomendagarria umeak hortzak garbitzen hastea?
Umeek 2-3 urte dituztenean, eurentzat egokitutako hortz-eskuila suabe bezain txikia erabiltzen hasi ahal izango dira. Ordura arte, gurasoek oiak garbitu ahal izango dizkiete gasa hezeaz edo silikonazko titareaz. Azken hori hortzetako eskuilaren ordezkoa izango da, eta botiketan dago salgai. Gurasoek ikuskatu egin beharko dute umeek hortzak eraginkortasunez eskuilatzen dituztela, gutxienez 7 urte bete arte ez dutelako behar besteko esku-trebetasunik edukiko.

Zenbateko maiztasunaz joan beharra dago dentistarenera?
Ez litzateke inondik inora justifikatuta egongo urtebetean dentistarenera ez joatea. Dena ondo badago, urtean bi bisitaldi egitea da gomendagarriena, berrikusteko eta artapenerako profilaxia edo higienea egiteko. Atentzio handiagoa behar denean, oso garrantzitsua da agindutakoa betetzea eta zehaztutako bisitaldiak egitea. Ezin da dentistarenera mina dagoenean bakarrik joan.
Gaur egun, paziente askok hortzetako inplanteak dituzte. Inplanteek defentsa naturalik ez daukatenez, kontrolik gabeko gaixotasun periodontala sortzen bada, baliteke hortzek eurek baino gehiago sufritzea. Hori dela eta, atentzio berezia behar dute, eta sei hilean behin joatea da gomendagarriena.

CODBI BIHEO
Colegio Oficial de Dentistas de Bizkaia
Bizkaiko Haginlarien Elkargo Ofiziala

Alameda de Recalde, 72 Bajos
48009 Bilbao, Bizkaia
Telf: 94.424.29.80

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra

(Visited 99 times, 1 visits today)