CASTELLANO

Bisigua zapore ezin gozoagoko arraina da, eta, batez ere, neguko hilabeteetan jaten da. Gainera, Gabonetako plater tradizionala ere bada. Izan ere, hain ospetsua denez, bi heldulekuko, saretadun eta estalkidun kazola tradizionalari ematen dio izena: “bisigu-ontzia”.
Sarda txikietan bizi da, 500 metrorainoko sakonerako hondo hareatsuetan. Orojalea da, eta, batez ere, arrainak zein moluskuak ditu elikagai. Jaiotzean arrak badira ere, eme bihurtzen dira 10 urte igarotakoan.
Forma obalatua eta begi handiak ditu, eta bere bizkarra gris gorrixka da; eta sabela, zilar-kolorekoa. Bular-hegalaren gaineko orban beltza du ezaugarri bereizgarri. Ezkata handiz estalita dago, eta bere neurria 15-50 cm-koa da.
Bisigua harrapatzeko sasoi onena urritik martxora da, baina, batez ere, Europako kostalde atlantikoetan. Erostean, ondo begiratu beharra dago branken kolorea gorri bizi-bizia dela eta begiak irtenak zein distiratsuak direla, biak freskotasunaren erakusgarri dira-eta.
Arrain hau prestatzeko moduak oso errazak dira, bere ezaugarriak eta zaporea nabarmendu ahal izateko. Oso garrantzitsua da egosketa-puntu egokia aurkitzea, urtsutasunik galdu ez dezan. Erreta, papillotean, plantxan edo tipulaz zein ilarrez erregosita (Galizian) jaten da. Oliba-olioa, gatza eta limoia ongailu ohikoenak dira. Digestio errazekoa denez, oso egokia da ume eta adinekoentzat.
Balio elikagarria
Arrain urdina eta koipe gutxikoa da, eta, bere kaloria-balioa moderatua denez, 86 kaloria ditu 100 gramoko zati jangarriko. Gainerako arrainek bezala, proteinak ere baditu, baita B taldeko bitaminak eta mineralak ere; esate baterako, potasioa, magnesioa eta burdina.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra

(Visited 17 times, 1 visits today)