Mihi-arraina, digestioari laguntzen dion arrain zuria
Mihi-arraina arrain zuria da, oso haragi zaporetsu zuri, tinko eta fina du. Kolore marroia eta forma laua du, bere gorputza luzanga eta burua txikia da eta lokatzez edo hareaz estalitako hondoetan bizi da, 100 m-ko sakoneran. Ornogabe eta krustazeo txikiak jaten ditu eta neguko hilabeteetan ugaltzen da. Urte osoan salgai badago ere, bere sasoi onena martxoan eta apirilean da, bere prezioa merkeagoa denean.
Mihi-arrain zaporetsuenak arraziokoak dira, hau da, 25 cm baino gehiago ez dituztenak. Euren itxura leun bezain hezeari eta zakatzei erreparatu behar zaie. Fresko erostea, hozkailuan gordetzea eta egunean bertan edo hurrengoan jatea da onena, garbitu ondoren izoztu egin daitekeen arren. Zenbait arrandegitan mihi-arraintzat hartzen dituzten beste arrain batzuen aldean (halibuta), mihi-arrainak orban ilun bereizgarria dauka bular-hegalaren muturrean.
«Mihi-arrainak mineral, omega 3 gantz-azido eta bitamina asko ditu, eta erraz jan eta digeritzen da.»
Zenbait eratara prestatu daiteke (frijituta, arrautza-irinetan pasatuta, lurrunetan, labean…), olio apur batez plantxan egitea bere ezaugarriei eusteko modu onena den arren.
Ipar Atlantikoko arrantzategi handienetako batek, “Gran Solek”, arrain honi zor dio izena. Arrantzale frantsesek izen hori jarri zioten, arrantza-leku horrek mihi-arrainaren (frantsesez, sole) forma zeukalako, hau da, “Gran Sole”, hitzez hitz (Mihi-arrain Handia). Sarritan gune horretan arrantzan zebiltzan marinel galiziarrek txarto itzuli zuten mapa nautiko frantses batean agertzen zen izena, eta “Gran Sol” moduan geratu zen gaztelaniaz.
Dieta osasungarri eta orekatuan sartzeko orduan, nutrizionistek gehien gomendatzen dituzten arrainetakoa da. Oso zapore suabea duela, hezur txikirik ez duela eta erraz jaten dela kontuan hartuta, oso gomendagarria da digestio zailak dituztenentzat. Hori dela eta, umeen gustu-gustukoa ere bada.
Oso osasungarria da, bere pisuaren %80 ura da, koipe eta kolesterol gutxi du, bere proteinak balio biologiko handikoak dira eta mineral, omega 3 azido zein B taldeko bitamina ugari ditu.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra