CASTELLANO

Endibiak eskarolaren barietatea dira, eta estu-estu gainjarritako eta puntan hori bihurtutako hostoen segida dute osagai. Argipean egon ez daitezen eta euren kolore zuri bereizgarriari eutsi diezaioten, laborantza behartu edo artifizialaren bidez lortutako hostoen kukulua baino ez da jaten. Haien bizi-zikloaren bigarren urteko hostoak dira jaten direnak, eta 8-9 cm-ko luzera eta 3 cm-ko diametroa dituzte.
Urtsu bezain kurruskariak dira, eta zapore gozo bezain freskagarria dute. Negutegietan ereiten direnez, urte osoan badaude ere, bere sasoia hilabete hotzak dira. Neguan hasi eta udaberrira arte ereiten dira, eta, zenbait egun lehenago, lotu egiten dira barruko hostoak zuriak izan daitezen.
Oso kontuan hartu beharra dago 5-7 egunetan baino ezin direla eduki hozkailuan. Hori dela eta, hobe da ahalik eta lasterren jatea.

«Endibiak diuretikoak bezain arazgarriak dira, eta odolaren zirkulazioa suspertzen dute.»

Oso egokia da hostoak banan-banan askatzea, txorrotapean garbitzea eta xukatzea.
Gainerako barazkiek bezala, endibiek ur asko dute, hau da, haien pisuaren %95 ia-ia. Balio elikagarri urria dutenez, oso egokiak dira argaltzeko dietak egiteko orduan. Izan ere, 17 kaloria dituzte 10 gramoko. Era berean, zuntza, B bitamina, magnesioa, kaltzioa eta A probitamina ere badituzte (betakarotenoak).
Bihotzerako osasungarriak dira, hesteetako mukosa babesten dute eta baltsamoa dira digestio-aparaturako, heste-igarobidea hobetzen dutelako. Horrez gain, diuretikoak bezain arazgarriak dira, eta odolaren zirkulazioa suspertzen dute.
Era askotara prestatzen dira: egosita, erreta edo gordinik. Sarritan erabiltzen dira entsaladetan, oliba-olioz edo limoiz onduta edo jogurt-saltsarekin, gaztarekin, maionesarekin, ozpin-olioarekin… Era berean, oso gozo ere badaude arrain-kontserbekin, fruitu lehorrekin, urdaiazpikoarekin edo bexamel-saltsarekin.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 326 times, 1 visits today)