Arabako Errioxako Oliba Olioaren IV. Azoka
Asteburuan, Arabako Oiongo eta Moretako udalerrietan egingo da Arabako Errioxako Eskualdeko Oliba Olioaren IV. edizioa. Eskualdeko berezko Arroniz barietateko oliba-olio birjina estra inguruko erreferentzia-produktu moduan ari da sendotzen.
50eko hamarkadan, Arabako Errioxako hego-ekialdeko ohiko laborantza izan zen olibondoa, eta, Moretako udalerrian bertan, seiehun hektarea erabiltzen ziren horretarako. 60ko hamarkadan landa-ingurunea mekanizatu zenean, bertan behera utzi zuten zerealaren mesedetan. 2000. urteaz geroztik, olibondoaren laborantzaren inguruko interesa berreskuratu da, kalitate handiko olioak dira-eta.
Oliba Olioaren Azokak Arabako Errioxako olioa sustatzea eta zabaltzea dauka helburu, eta, horretarako, bisitariei eskaintzen die produktu hobezin hori zuzenean ezagutzeko aukera.
Martxoaren 21ean, 12:00etan, Oionen hasiko da azoka. Bertan, olioz igurtzitakoa (sutan txigortutako, olioz igurtzitako eta, gustuen arabera, baratxuriz eta gatzez edo azukrez ondutako ogi-xerra gozoa) dastatzeko aukera eskainiko du San Vicente Dolare Kooperatiboak, eta eskualdeko olioaz prestatutako pintxoen lehiaketa egingo da ondoren. Era berean, zozketa solidarioa ere egongo da, eta irabazleak bere pisua eramango du oliotan. Horrez gain, La Equidad dolarea (olibak zanpatzeko prentsa) ezagutzeko bisitaldiak, dastapenak eta ehun urtetik gorako olibondoen arteko ibilbideak ere egin ahal izango dira. Bestetik, oliba-olioaren tailer gastronomikoa ere antolatuko da umeentzat.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra