Pintxoa hiztegian azaldutakoa baino askoz gehiago da guretzat (“batzuetan zotzaz zeharkatu eta zizka-mizka moduan jaten den janari-zatia”), gastronomiaren, tradizioaren, kulturaren eta elikadura estaltzen duen esparru sozialaren adierazgarri da-eta (oso gogoan izan behar dugu elikatzea baino askoz gehiago dela jatea).

Pintxoei esker, mahairik, platerik eta mahai-tresnarik gabe jan (eta edan) dezakegunez, nola edo hala “otordu tradizionaletako” protokoloa eta zurruntasuna murrizten ditugu, eta elkarrizketak suspertzen ditugu.

“Gilda” xumetik (piparra, antxoa gazitua eta oliba; nahiz eta soil-soila izan, edozein unetan da gozagarria) Bilboko “kilker” tradizionalera (letxuga, patata egosia, tipula eta oliba-olioa), pintxoen osagaiak, prestaketa, aurkezpena eta testurak bilakatu egin dira (edalontzitxoak, tenpurak, txupitoak…). Hori dela eta, oso plater landuak eta gastronomiako benetako mokadu-bitxiak dira.

Pintxoak edonolakoak direla ere, esan gabe doa lagun-taldeak, lankideak eta familiako zenbait belaunaldi elkartzen jarraitzen dutela, ekitaldi sozialean janariaz eta laguntasunaz gozatzeko asmoz.

Hala ere, zein da pintxoen ekarpena nutrizioaren eta osasunaren ikuspegitik?

Lehenengo eta behin, oso kontuan hartu beharra dago “pintxoak jatea” ohiko (astean batean edo bitan, esaterako) edo lantzean behingo ohitura den (noizik behin) eta, bestetik, otordu nagusiren baten ordez jaten ditugun (adibidez, pintxoak bazkaltzen ditugun edo bazkaldu edo afaldu baino lehen aperitibo moduan jaten ditugun).

Pintxoak jatea ohikoa bada eta euren “ostean” otordu nagusiak egiten baditugu, zenbait aholku izan beharko ditugu kontuan, gure elikaduran kaloria gehiegi egon ez daitezen:

– Entsalada ona edo plater bat barazki jatea aukera egokia da pintxoen ibilbidea osatzeko (oste-osteko otorduan ezinezkoa izanez gero, hurrengoan).

– Zenbait pintxoren ondoren, pare bat fruta-ale jatea da otordua amaitzeko postre ezin hobea.

– Zenbait pintxo jaten baditugu, pintxo kalorikoenak (frijituak, arrautza-irinetan pasatutakoak, bexamela, saltsak…) tartekatu ditzakegu beste pintxo arinago batzuekin, hau da, egositako edo plantxan erretako barazkiak dituztenak (esate baterako, lehen aipatutako gildak zein kilkerrak eta era guztietako arrain-kontserbak: antxoak, atuna…), lurrunetan egindako muskuiluak tomate-saltsa minarekin (“tigreak”), txanpinoiak baratxuriarekin edo plantxan…

– Pintxoen balio kalorikoa ez ezik, edariarena ere hartu behar da kontuan. Oro har, edalontzi txikietan edandako ardoa (“txikitoa”), garagardoa (“zuritoa”) edo bermuta izango da.

Alkohol-gramo batek 7 Kcal ditu (oso kontuan eduki beharrekoa da, karbohidratoek zein proteinek gramoko 4 Kcal eta koipeek gramoko 9 Kcal dutela aintzat hartuz gero). Hau da, edalontziko kaloria-kopurua 80koa da ardorako; 45ekoa, garagardorako; 65ekoa, txakolinerako; edo 125ekoa, bermuterako. Beraz, pare bat zurito edanez gero, jogurta jatean beste kaloria irentsiko ditugu, gutxi gorabehera.

Gure organismoarentzat alkohola toxikoa denez eta neurriz edan behar denez, edariarekin batera zenbait pintxo janez gero, oso aukera ona da tarteka ura edatea, alkohol gutxiago edateko.

Edonola ere, “pintxoak jatea” ekitaldi soziala da, janariaz, inguruneaz eta gastronomiako tradizioaz gozatzeko aukera eskaintzen digu eta lagunekiko edo familiarekiko harremana sustatzen du. Gainera, bere helburua ez da nutrizionala, soziala baizik.

Hori dela eta, gastronomiaz gozatzea da gomendioa. Pintxoak eta “poteak” dieta orekatuaren osagaiak izan daitezke, betiere horren aurkako patologiarik ez badago edo larregikeriarik egiten ez bada. Osasuna!!

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra