CASTELLANO
 
Sarritan, gastronomiaren eta publizitatearen arteko lotunearen ondorioz, eztabaidak sortu dira, baina, batez ere, publizitateko kanpainetan gai labainak agertzen direnean; esate baterako, kultura, arrazakeria edo osasun-estereotipoak. Oraintsuko adibide batek oso ondo adierazten du iragarkiek erantzun txarra izan dezaketela. Asturiaseko Printzerriko presidenteak, Adrián Barbónek, gogor kritikatu zuen Almaxen iragarki bat, bere produktu antiazidoa lotzen zuelako Asturiaseko Erkidegoko ohiko platera den fabada asturiarrarekin. Gastronomia asturiarra errespetatzen ez zuela uste zuenez, Barbónek Laboratorios Almirall SA enpresari eskatu zion kanpaina erretiratzeko eta barkamena eskatzeko. Konpainiak halaxe egin zuen, ados ez zegoela adierazi ostean.

 

Beste batzuetan, politikariak eztabaidaren jatorrian bertan daude. 2007an, Estatu Batuetako orduko presidenteak, George W. Bushek, funtsik gabeko iruzkina egin zuen brokoliari buruz, eta gustuko ez zeukala ziurtatu zuen. Hori dela eta, ekoizleak haserretu egin ziren, eta protesta egin zuten. Ondoren, esandakoa zuzendu ez ezik, bi egun geroago telebistan ere agertu zen brokolia jaten.

 

Marka ospetsu askok kritikei aurre egin diete kulturari begira labaina edo arrazista omen den publizitateagatik. Zeelanda Berrian, Burger Kingen iragarkia kritikatu zuten hanburgesak jateko orduan zotz erraldoiak erabiltzeagatik, kultura asiarreranzko sentikortasunik gabeko estereotipotzat hartu zelako.

 

Publizitate gastronomikoko beste eredu nabari bat arrazaren zein osasunaren arloko estereotipoak betikotzea da. Espainian, Conguitos, txokolateen marka ospetsua, eztabaidagaia izan da, bere bilgarrian pertsonaia afrooinordekoa agertzen delako eta, batzuen ustez, arraza-estereotipoak indartzen dituelako. Estatu Batuetan, Aunt Jemima, Uncle Ben’s eta antzeko markak euren izenak eta irudiak aldatu dituzte, aurretiazko irudikapenekin lotutako kutsu arrazistetatik aldentzeko.

 

Loditasuna ere behin baino gehiagotan azaltzen den gaia izan da janariarekin lotutako publizitatean. Bestetik, esate baterako, McDonald’s eta Kellogg’s konpainien iragarkiak ere kritikatu dituzte, oso osasungarriak ez diren elikadura-ohiturak sustatu litzaketen irudiak erakusteagatik. Kanpaina horien ondorioz, elikagaien enpresek elikadura osasungarriaren sustapenean eta giza gorputzaren inguruan igortzen duten irudian daukaten erantzukizunari buruzko eztabaida sortu da. Arlo gastronomikoko publizitatea kulturaren, arrazaren eta osasunaren arloko sentsibilitateen mina-eremua izan daiteke.

 

© Zainduzaitez, GB Corporación 2024. Lege-oharra
Argazkia: Juan J. Martínez, CC BY-SA 2.0

(Visited 60 times, 1 visits today)