Udaberriro bezala, marrubiak iritsi dira. Fruta hau neguaren amaieratik udaren hasierara arte loratzen da. Gaur egun, ordea, laborantza intentsiboko marrubiak merkaturatzen dira, eta, negutegien laguntzaz, ia-ia urte osoan ditugu marrubiak. Huelvako probintzia eta, ondoren, Maresmeko eskualde kataluniarra, Valentzia eta Extremadura dira ekoizle nagusiak.
Antzinarotik, oso fruta preziatua izan da, urrunetik antzemateko moduko usain bizia du eta bere mami urtsua ahoan desegiten da.
Gaur egun Europan jaten dugun marrubia AEBetako Virginiako lehenengo kolonoetatik dator, eta, bertatik, zenbait barietate lortu ziren, erraz hibridatzen den fruta da-eta (1.000 barietate baino gehiago daude munduan).
Nutrizioari begira, azukre gutxiko elikagaia da -%90 ura da, eta 32 kaloria ditu 100 gramoko-, baina mineral asko (magnesioa, potasioa eta fosforoa) eta bitamina ugari ditu (C bitamina eta antioxidatzaileak, batez ere). Azken batean, fruta alkalinizatzailea, freskagarria eta mineralizatzailea da, organismoko defentsak areagotzen ditu eta oso-oso gomendagarria da diabetikoentzat, hezueri-gaixoentzat eta hipertentsoentzat.
Garbitu egin behar dira, baina urperatu gabe. Horrez gain, ez zaie txortena kendu behar, harik eta uretatik pasa arte. Askoz hobeto kontserbatuko dira, hozkailuan edo leku fresko, ilun eta egurastuan gordez gero eta oso sakabanatuta egonez gero. Beroa, garraioa eta hezetasuna dira euren etsai nagusiak, eta euren egitura hauskorragatik erraz-erraz alferrik galtzen dira.
Bakarrik, azukrearekin, esnegainarekin (kalorien kopuruak gora egiten du), limoiarekin, laranja-zukuarekin… jan ahal izango ditugu.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Aviso Legal
 

(Visited 156 times, 1 visits today)