CASTELLANO

Txitxarroa ur gaziko arrain urdina da, bere kolorea urdin berdexka da eta haragi leun bezain zaporetsua dauka.
Lonjetan oparitutako arraina bazen ere, 80ko hamarkadan birbaloratu zen. Lehenago, ugari zegoenez, bere kotizazioa oso txikia zen. Hori dela eta, oso balio urria zeukanez, askotan itsasora botatzen zen, edo ezin merkeago saltzen zen irina egiteko.
Txitxarroa arrain osasungarria da, zapore ezin gozoagoa dauka eta oso merkea da.
Hezur asko dituenez, batzuentzat etsigarria izan daitekeen arren, gure dietarako osasun-iturri gomendagarria da benetan. Zapore ezin gozoagoko arraina da, eta merke-merkea ere bai, baina, batez ere, sasoian erosten badugu, udazkenetik apirilera, alegia. Bere haragia urtsuagoa da hilabete hotz horietan.
Arrain hau 200-300 metroko sakoneran bizi da, gorputz luzanga dauka eta bere begiak zein ahoa handiak dira buruaren aldean. Ale handienak itsas zabalean daude; eta gazteenak, badietan zein kaietan. Ezten txikia dauka bizkar-hegalaren aurrean, eta bere ezkatak txikiak bezain biribilak dira.
Espainian gehien kontsumitzen den txitxarroa zuria edo Mediterraneokoa da. Bere tamainaren arabera, txitxarrotzarra edo txitxarrotxoa be esaten zaio.
Nola prestatu
Arrain koipetsua da, eta, fresko, izoztuta, ketuta edo kontserban erosi daitekeenez, era askotako plater eta errezetetan erabili daiteke. Oro har, labean erre, plantxan egin edo frijitu egiten da. Edonola prestatuta ere, ezin gozoago da, bere haragi trinkoaren zaporea oso bereizgarria delako. Zerbitzatzean, olio errea botatzen zaio gainetik, edo panadera patatak, tomateak, piper erreak edo pistoa jartzen zaizkio hornigai moduan. Hona hemen ongailu arruntena: zorrotada bat limoi-ur edo ozpinez, baratxuriz, oliba-olioz eta perrexilez egindako ozpin-olioa. Frijitzeko txitxarro preziatuenak tamaina txikiagokoak dira, txitxarrotxoak, alegia. Horretarako, irinetan pasatzen dira. Bestetik, handiagoak edo txitxarrotzarrak egokiagoak dira labean erretzeko.
Onura elikagarriak
Izokinarekin eta sardinarekin batera, omega-3 gantz-azido gehien daukan arraina da. Beraz, oso gomendagarriak dira kolesterol-maila eta triglizeridoak gutxitzeko. Era berean, bihotzeko gaixotasunetarako arriskua ere murrizten dute.
Horrez gain, balio biologiko handiko proteinak eta B, A zein D taldeko bitaminak ere baditu. Osagai mineralei dagokienez, magnesioa daukan arren, gainerako arrainek beste dauka. Era berean, burdina eta iodoa ere baditu.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 396 times, 1 visits today)