CASTELLANO

 

Inolako zalantzarik gabe, pizza janari ezagunenetakoa da, bere usain erakargarri bezain gozoari esker eta oinarri kurruskari zein harroaren gainean urtutako gazta bero horri esker. Sarritan, janari lasterrarekin lotzen da, baina organismoari substantzia elikagarrien ekarpen egokia eskaintzen dion plater osasungarri eta orekatua izan daiteke, nola egiten den eta egiteko orduan nolako osagaiak erabiltzen diren kontuan hartuta. Oso garrantzitsua da osagaien artean barazkiak edo ortuariak sartzea, oso koipetsuak direnak kentzea eta neurriz, zati txikietan jatea.

Pizzak bere osagai anitzak ditu ezaugarri bereizgarri. Tomatez eta gaztaz estalitako orearen gainean, haragiak, barazkiak, frutak… nahasten dira.

Pizza, gaur egun ezagutzen dugun bezala, ogi-orea, gazta eta tomatea osagai nagusi dituena, Napoliko hiriko errebal xumeenetan sortu zen seguruenik XVIII. mendean, bertan sarri-sarritan jaten zuten-eta. Horrela, tomatez, baratxuriz, oreganoz eta oliba-olioz ondutako marinara pizza klasiko ezaguna eta Margherita pizza dira benetan napolitarrak diren bi pizza.

«Pizzaren osagai egokiak aukeratzea eta etxean egitea funtsezkoa da, aukera elikagarri bezain osasungarria izan dadin.»

Ondoren, gizarte-maila guztietan egin zen ospetsu. Lehen Mundu Gerraren ostean, hainbat eta hainbat italiar Amerikara joan zirenean, pizzaren kontsumoa hedatu zen, eta, joan den mendeko bigarren zatian, Europan ere zabaldu zen.

Oso plater lagungarria da, eta erraz-erraz egin daiteke etxean, osagaien kalitatea eta kopurua kontrolatzeko.

Bere onura elikagarriak osagaien arabera aldatzen dira. Oso asegarriak diren karbohidrato konplexuak ditu, eta energia eskaintzen dute. Osagaietakoak tomatea eta gazta direnez, kaltzioa, C bitamina eta antioxidatzaileak ez ezik, burdina eta D, E zein K bitaminak ere baditu. Erantsi daitezkeen beste osagai batzuk ere badira bitamina-iturria; esate baterako, tipula, piperrak eta olibak.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2020. Lege-Oharra

(Visited 165 times, 1 visits today)