CASTELLANO

Piper gorriaren barietatea da, eta, atari zabalean lehortutakoan deshidratatu egiten denez, luzaroan erabiltzeko prest dago. Ohiko osagaia da betiko sukaldaritzan, baina, Espainiako iparraldean, batez ere. Piper txorizeroa tokiko sukaldaritzako saltsa eta erregosi askoren oinarria izan da betidanik, eta oraindik ere bada. Sarritan, gainera, piper txorizeroen zartak ere badaude zintzilik herrietako fatxadetan.

«Piper txorizeroa saltsa eta erregosi askoren oinarria izan da betidanik, eta oraindik ere bada. Sarritan, gainera, piper txorizeroen zartak ere badaude zintzilik herrietako fatxadetan.»

Handiak, zabalak, luzangak eta azal lodikoak dira, eta hazi ugari dituzte barruko aldean. Dena dela, euren mamia baino ez da erabiltzen, eta zapore melenga nahiz garratz samarra du. Izen hori du neguko txarribodetako produktuei kolorea eta usaina emateko erabiltzen delako.
Udaberrian, apiriletik maiatzera, landatzen dira, eta, udazkenean, irailetik urrira, batzen dira. Tradizioaren arabera, babesik gabe landatu eta zartan oraindik ere gorri daudenean batzen dira. Ondoren, lehortu egiten dira. Ale onenen haziak hautatzen dira, hurrengo urteko uztan erabiltzeko.
Piperra lehortzea kontserbatzeko teknika ezagun antzinakoenetakoa da, eta, horren bidez, zartetan lotu eta fatxadetan jartzen dira zintzilik euritik babestuta edo sukaldeetan ere bai. Barietate handi eta mamitsuenak, gaur egun jaten ditugunak, berri samarrak dira, joan den mendean ereiten hasi ziren-eta.
Ondo garbitu ostean, zenbait ordutan jarri behar dira beratzen, hidratatzeko egosi edo prestatu baino lehen. Horretarako, piperraren mamia edo haragia ateratzen da koilara batez. Badago frutategietan eta janari-dendetan zartetan esekitako ale lehorretan erosterik edo erabiltzeko prest dauden kristalezko ontzietan ere bai. Era berean, piper txorizeroaren mamiaren kontserbak ere badaude salgai.
Oso arrunta da haragiz, arrainez (bakailaoz, oro har) edo barazkiz egindako hainbat plateretan erabiltzea. Era berean, zenbait saltsaren osagai nagusia ere bada: bakailaoa Bizkaiko erara, sukalkia, marmitakoa edo patatak Errioxako erara. Bestetik, ohiko erregosietan ez ezik, hestebeteak egitean ere erabiltzen da.
Balio elikagarria
Piperrak ur eta zuntz ugari dituenez, kaloria gutxi ditu. C bitamina ugari dauka, zitrikoek baino gehiago, alegia. Horrez gain, E zein A bitaminak ditu, baita B bitaminen taldekoak ere. Mineralei dagokienez, fosforoa, magnesioa, potasioa eta kaltzioa ere badituela nabarmendu beharra dago.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra

(Visited 275 times, 1 visits today)