CASTELLANO

Guztiok janari lasterra edo “fast-fooda” zer den badakigun arren, azkar-azkar prestatu, zerbitzatu eta kontsumitzen dena dela esan dezakegu.
Edonola ere, hain kaltegarria ote da osasunerako? Nolako maiztasunaz jan beharko genuke horrelako janaria? Badago osasunarekin eta elikadurako ohitura onekin bateragarria den janari lasterrik?
Galdera horiei erantzuteko, horrelako kontsumoaren inguruko zenbait faktore aztertuko ditugu lehendabizi:
OSAKETA NUTRIZIONALA
Oro har, janari lasterreko establezimenduetan zerbitzatzen diren platerek kaloria asko dituzte, koipe eta karbohidrato bakun ugari dituzte-eta. Bestalde, sobera ez ditugun beste osagai batzuen kopuru txikia ere badute; esate baterako, bitaminak, mineralak edo zuntza.
Hau da, gure inguruneko elikadura-akats arruntenen adierazgarri ezin hobea da ahorakin bakar batean.
ANOEN TAMAINA
Horrelako produktuek kaloria ugari dituzte, haien osaketa nutrizionalagatik eta anoen tamainagatik (oro har, larregizkoak dira), eta, ulergarria denez, eragin zuzen proportzionala daukate gure organismoan sartzen diren kalorietan.

«Ume eta gazteen artean elikadurako ohitura onak eratzeko orduan, oso garrantzitsua da horrelako janaria gure dietan ezohikoa izan behar dela igortzea.»

OSAGAIAK…
Anoen tamainaz gain, oso kontuan hartu behar dugu janari lasterra jaten dugunean ez garela oro har plater nagusira mugatzen (hanburgesa, ogitartekoa, pizza…), balio nutrizional urriko era guztietako “osagarriak” ere jaten ditugulako; esate baterako, olio ugaritan frijitutako hornigaiak edo sarrerak (patatak, tipula-uztaiak, nuggetak…); koipe, gatz edo azukre ugaridun saltsak; edari azukredunak eta gasdunak (freskagarriak, zukuak, irabiakiak…); edo postre gozoak (izozkiak, opilak…). Hori dela eta, kaloria, koipe eta azukre gehiago eransten ditugu ahorakin berean.
Esate baterako, anoa “txiki” bat patata (230 Kcal), freskagarri “txiki” bat (210 Kcal), “barazkiak ez diren osagaien” bidez ondutako entsalada bat (220 Kcal) eta postre bat (230 Kcal) batuz gero, 900 Kcal inguru dira, hau da, batez besteko heldu baten eguneko energia-premien erdia ia-ia. Plater nagusia kontuan hartu gabe, gainera!
EZ DAUDENAK…
Bestetik, horrelako establezimenduetan oinarrizko zenbait elikagairen taldeen agerpena anekdotikoa da; esate baterako, fruta freskoa, barazkiak (gordinik edo prestatuta), lekaleak… (hosto bat letxuga edo xerratxo bat tomate ezin da barazki-anoatzat hartu). Hori dela eta, zaila izango litzateke horrelako janarian oinarritutako dieta orekatua eramatea.
…ETA “EGON BADAUDENAK”
Oro har, horrelako produktuak etengabe “sustatzen” direnez, oro har anoaren tamaina handiagotu egiten da, edo lehen aipatutako osagarri horiek prezio beraren truke edo diru-kopuru txikia ordainduta sartzen dira. Era berean, bi kasuak ere eman daitezke aldi berean; adibidez, prezio zehatzean saldutako “freskagarri handia” edo “patata handiak”.
Hartara, erraza da hasiera batean aurreikusitakoa edo nahi duguna baino gehiago jatea.

«Horrelako janaria ez litzateke arazoa izango gure ohiko dieta orekatua izango balitz eta horrelako produktuen kontsumoa, beharrezkoak ez diren beste batzuetan gertatzen den bezala, “lantzean behingoa” izango balitz.»

ZERBITZU-MOTA
Azkenik, bere izenak adierazten duenez, janari lasterra epe laburrean zerbitzatu eta kontsumitu egiten da, eta zerbitzua bera zein plateren aurkezpena bigarren mailakoak dira.
Oso gogoan hartu behar dugu elikagarriak jatea ez ezik, garrantzi handiko elementu sozial eta psikologikoa ere badela elikadura. Elikagai osasungarriak apurka-apurka, giro atseginean eta bazkalosteko laguntasun onean jatea elikadurako ohitura onak ume zein gazteen artean igortzeko modu onena da. Hori nekez lortzen da leku horietan janaria ia-ia irentsi egiten dela kontuan hartuta.
BADAGO JANARI LASTER OSASUNGARRIAZ GOZATZERIK?
Bizitza osoko elikadurak zerikusi zuzena dauka osasunarekin (OMEren arabera, osasunerako kaltegarrienak diren 10 arriskuetatik 6 elikadurarekin daude lotuta). Ikusi dugunez, horrelako platerek kaloria, koipe eta karbohidrato bakun ugari dituzte, baina ez dituzte ez zuntzik, ez bitaminarik, ez mineralik, ezta gure organismorako onuragarriak diren beste osagai batzuk ere.
Horrelako janaria ez litzateke arazoa izango gure ohiko dieta orekatua izango balitz (fruta, barazki, lekale eta osoko zereal ugarikoa, haragi eta arrain kopuru moderatukoa…) eta horrelako produktuen kontsumoa, beharrezkoak ez diren beste batzuetan gertatzen den bezala (elikadura osasungarriaren piramideko gailurrean daudenak), “lantzean behingoa” izango balitz, hau da, ezohikoa eta ez arau moduan.
Lantzean behingo maiztasunerako gomendioa “ahalik eta txikiena” izan behar da, horrelako elikagaiak beharrezkoak ez direlako nutrizioaren ikuspegitik. Gainera, ahalegin handirik egin gabe, seguruenik batzuetan gizartean oso zaila egingo zaigu horrelako establezimenduetara ez joatea edo horrelako produktuak ez jatea. Ume eta gazteen artean elikadurako ohitura onak eratzeko orduan, oso garrantzitsua da horrelako janaria gure dietan ezohikoa izan behar dela igortzea. Nolanahi ere, haien aurkezpenagatik eta zaporeagatik (koipe eta gatz ugari dute) etxeko gazteenen artean (eta ez hain gazteenen artean) eskari handia daukaten produktuak dira.
Adin goiztiarretan horrelako produktuen kontsumoaren maiztasuna murrizteko, bazkari edo afari osasungarria prestatu daiteke etxean egindako hanburgesetan, pizza-zati moderatuan edo osoko ogitartekoan oinarrituta, baina, batez ere, horrez gain barazki apur bat eta ale bat fruta fresko ere jaten baditugu. Halaber, jarduera dibertigarria ere izan daiteke umeak prestaketan inplikatzen baditugu: pizzaren oinarria oratzea, osagaiak jartzea, hanburgesei forma ematea… Antzeko plater-mota izango litzateke, baina balio erantsiarekin.

Laura González Pineda
Gastronomía Baskako dietista
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2015. Lege-Oharra

(Visited 283 times, 1 visits today)