CASTELLANO

Azalorea oso aza-barietate ezagun eta osasungarria da, eta badago urte osoan prezio merkean erosterik.
30 cm-ko diametroa eta 2 kiloko pisua eduki ditzake. Masa edo erdigunea zuria, berdea edo bioleta da; eta bere testura, trinkoa. Kanpoko estaldurak hosto berdeak dituenez, eguzkia ez da sartzen, eta ez da klorofila garatzen. Hori dela eta, kolore zuri bereizgarri hori dauka.
Erromatarrek bere kontsumoa eta ekoizpena hedatu bazituzten ere, ekialdeko mediterraneoan, Asia txikian du jatorria. Lehen, aza kizkurraren antz handiagoa zeukan, gaur egungoaren aldean.
Aza gozoena omen da, eta era guztietako klimetara egokitu da. Udaberriaren amaieran, maiatzean edo ekainean, landatzen da, eta uztailaren zein abuztuaren artean birlandatzen da, orduantxe behar duelako behar den moduan garatzeko ur gehiago. Hartara, irailetik urtarrilera da kontsumitzeko une onena.
Azalore onenak hostoak berde dituztenak dira, babestu egiten dituztelako. Horrez gain, trinko, irmo eta orbanik gabe egon beharko dira. Uretan garbitzen dira ozpin apur batez, eta, horretarako, kukuluak banatu behar dira.
Bigun dagoenean, entsaladan gordin jan daitekeen arren, prestatzea da ohikoena: lurrinean, erregosita, gainerreta, egosita… Zapore leuna, ia-ia gozoa dauka, eta erabilera anitzeko barazkia da, oso ondo doalako patatekin, arrautzekin eta gaztarekin. Beste plater batzuen lagungarri ezin hobea ere bada; esate baterako, lekaleak edo arroza, baita menestraren osagai moduan ere. Egosi bitartean bere usaina leuntzeko, oso gomendagarria da patata edo sagarra eranstea eta kazola ez estaltzea, bere zaporean eraginik eduki ez dezan. Ez da lar prestatu behar, bitaminak galtzen ditu-eta.
Balio elikagarria

  • Ur asko duenez, karbohidrato eta proteina gutxi dituenez eta ia-ia koiperik ez daukanez, oso kaloria gutxi ditu.
  • C bitamina, B taldeko bitamina eta antioxidatzaile asko ditu.
  • Mineralen artean potasioa eta fosforoa nabarmentzen dira; eta, neurri txikiagoan, burdina, magnesioa eta kaltzioa.
  • Zuntz asko daukanez, asetasun-sentsazioa ematen du, eta, horren ondorioz, oso egokia da dietetarako.
  • Diuretikoa eta arazgarriena denez, larregizko likidoak desagerrarazten ditu.
  • Odoleko kolesterol-tasak murrizten ditu.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 875 times, 1 visits today)