895/2013 Errege Dekretu berrian adierazitakoaren arabera, ostalaritzako, sukaldaritzako zein cateringeko establezimenduetan erabiltzaileen esku jartzen diren olioek behar den moduko etiketa eraman beharko dute, behar bezala ontziratuta egon beharko dira eta berriro ez betetzeko moduko irekiera-sistema eduki beharko dute.
Neurri horren ondorioz, zenbait eragozpen sortuko dira, ontzien kontsumoa eta kostua handiagoak izango direlako. Hala ere, azken kontsumitzaileen onerako izango da, eta honako hauxe izango du helburu nagusi:
– Iruzurrik ez egotea: erabiltzaileei oliba-olioa dela pentsaraztea halakoa ez denean (esate baterako, ekilore-olioari Modenako zenbait tanta ozpin eranstea bere kolorea biziagoa izan dadin). Bestetik, oliba-olioa zerbitzatutakoa baino kalitate handiagokoa dela sinetsaraztea. Beraz, erabilera bakarreko olioak izango direnez, ez da horrelako iruzurrik gertatuko.
– Trazagarritasunari eustea: trazagarritasuna elikaduraren segurtasuneko ezinbesteko betekizunetakoa da. Horren bidez, elikagaia bazka-sareko edozein puntutan (ekoizpena, garraioa, merkaturaketa…) lekuratuta egongo da («bere arrastoaren jarraipena» egingo da).
Horretarako, sortaren zenbakia erabiliko da, besteak beste. Olio-ontzi betegarrietan, trazagarritasuna erabat galtzen denez, elikadura-arloko alertarik gertatuz gero (elikagaiengatiko intoxikazioa, arrazoiren batengatik erretiratu beharreko olio-sorta zehatzak), oso-oso zaila izango litzateke beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea.
Olioa behar bezala etiketatuta badago eta berriro betetzerik ez badago, harik eta kontsumitu arte bermatu ahal izango da bere trazagarritasuna.
– Lehentasunezko kontsumo-data egokia bermatzea: solteko olio-ontziak erabiltzen direnean, trazagarritasuna ez ezik, jatorrizko ontziaren lehentasunezko kontsumo-data ere galtzen da. Hori dela eta, baliteke lehentasunezko kontsumo-data iraungita duen olioa kontsumitzen egotea. Kontsumo hori osasunerako kaltegarria ez bada ere, kontsumitzaile moduan badugu ezaugarri organoleptiko egokiak dituen produktua kontsumitzerik (zaporea, usaina, testura…). Hori, ordea, ez dago inolaz ere bermatzerik, lehentasunezko kontsumo-data igarotzen denean.
Ontzietan behar den moduko etiketak jarriz gero, kontsumitzen dugun olio guztiaren lehentasunezko kontsumo-data zein den jakin ahal izango dugu.
– Higiene handiagoa lortzea: betiko olio-ontzien arazoetakoa euren garbiketa da. Gehienetan, ontziak olioa amaitu baino lehen betetzen direnez, olio zaharrenaren aztarnak hondoan geratu eta berriekin nahasiko dira. Horren ondorioz, higienea ez ezik, lehen aipatutako bi puntuak ere egongo dira arriskuan: trazagarritasuna eta lehentasunezko kontsumo-data. Behin erabiltzeko ontziak, beraz, higienikoagoak izango dira kontsumitzaileentzat.
Neurri hori urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo den arren, establezimenduetako arduradunek otsailaren 28ra arteko epea izango dute olio-ontzietako izakinak agortzeko. Hori dela eta, oraindik ere, horrelako ontziak ikusi ahal izango ditugu egun horretara arte.
Laura González
Gastronomia Baskako dietista

(Visited 33 times, 1 visits today)