Esne kondentsatua, esnearen bertsio gozoena
Inolako zalantzarik gabe, esne kondentsatua haurtzaroko gutizietakoa da. Jaki horixka da, lodi samarra, ezin gozoagoa, eta gozogintzan erabili ohi da. Era berean, kafea gozatzeko ere badarabilte gozozaleek.
Esne kondentsatua lortzeko, modu partzialean erauzi behar da ura, eta azukrea erantsi beharra dago. Hori dela eta, luzaroan kontserbatu daiteke hozkailuan sartu gabe. Ondoren, tratamendu termikoa ematen zaio, ontzia itxita egon bitartean giro-tenperaturan egonkorra dela bermatu ahal izateko. Azukre asko-asko daramanez, ez da germenik garatzen.
«Esne kondentsatuaren jatorrian, esnea ahalik eta ondoen kontserbatzeko kezka dago.»
Produktu honen historia luzea da. XIX. mendean, oso arrunta zen esnea edateagatik toxikatzea, jeztean kutsatu egiten zelako eta kontserbatzeko prozesuak oso oinarrizkoak zirelako. Hori dela eta, osasunerako arriskurik sortu gabe, hoztu gabe eta zaporea zein ezaugarri elikagarriak galdu gabe nola gorde zitekeen ikertzen hasi ziren. 1822. urtean, Nicolas Appertek esnearen ura lurruntzea lortu zuen marian berotuta, eta, 1835ean, William Newtonek saiakuntzari azukrea erantsi zionean, produktuaren bizitza luzatu ahal izan zuen. 20 urte geroago, Gail Borden iparramerikarrak patentatu eta merkaturatu egin zuen. Ostean, ospe handia lortu zuen Estatu Batuetako Gerra Zibilean, gudarosteak elikatzeko oso irtenbide ona izan zelako.
Onura elikagarriak
Esne kondentsatua proteinen eta karbohidratoen iturri handia da, azukre, laktosa eta glukosa asko duelako. Hori dela eta, kaloria-ekarpen handikoa da.
Esneak bezala, esne kondentsatuak zenbait bitamina ditu, A eta D, esaterako; baita mineralak ere: kaltzioa, fosforoa, zinka eta magnesioa.
Abantailak:
- Energia azkar ematen duenez eta suspertzailea denez, oso egokia da ahalegin fisiko handia egiten dutenentzat.
- Esneki guztiek bezala kaltzioa eta fosforoa dauzkanez, hezurrak zaintzen ditu.
- Magnesioa duenez, bihotz-hodietako gaixotasunak prebenitzen ditu.
- C bitamina duenez, immunitate-sistema indartzen du.
- Fosforoa daukanez, oso onuragarria da burmuinerako.
- Larruazala onbideratzen du hidratatzailea delako.
Kontuz ibili:
- Ez da batere egokia lodi edo lodiegi daudenentzat, ezta diabetea dutenentzat ere.
- Larregi janez gero, hortzetako txantxarra sortu daiteke.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra