Udazkeneko frutak, ezinbestekoak zure dietan
Udazkena iristen denean, lehenengo hotzekin lotutako osasun-arazoak areagotzen dira, eta, gure immunologia-sistemari eraso egiten diotenez, ahuldu egiten da. Guk geuk badugu gripeari eta hozturei aurre egiterik, fruta, barazki, bitamina eta mineral ugaridun eta koipe txar eta azukre gutxiko elikadura osasungarria eginez gero.
«Udazkeneko fruten bidez, geure immunologia-sistema indartu ahal izango dugu.»
Era guztietako frutak jatean, gure defentsak areagotu egiten dira, eta behar beste mikroelikagarri eta zuntz eta elikagarriak ez diren funtsezko beste substantzia batzuk jaten ditugula bermatzen da. Hartara, nazioarteko organismoen arabera, gutxienez 400 gramo fruta eta barazki jan behar ditugu eguneko, gaixotasun kronikoak prebenitzeko.
Sasoiko fruten balio elikagarria handiagoa da, eta, horrez gain, merkeagoak ere badira. Horrelako frutak jatean, gainera, tokiko nekazaritza tradizionalari eusten ere laguntzen dugu.
Besteak beste, honako hauexek dira udazkeneko frutak:
- Zitrikoak. Urte osoan egon arren, orain, hotza agertzen den neurrian, are gozoagoak eta zaporetsuagoak dira. Halaber, zitrikoak ere badiren mandarinaren edo pomeloaren sasoia ere bada.
- Sagarrak. Udazkeneko fruta nagusia da, heldutasun-une egokian dago-eta. Zenbait barietatetakoak daude, eta udako fruituak ordezkatzen dituzte. Fruta hau plater gozo eta gazietan erabiltzen da, gainera.
- Gaztainak. Bitamina, mineral eta karbohidrato asko dituzte.
- Pikuak. B taldeko bitamina asko dituzte, baita mineralak ere; kaltzioa eta burdina, esaterako. Horrez gain, udazkeneko asteniarako oso erabilgarria den energia-ekarpen handia ere badute.
- Ahuakatea. Landare-jatorriko koipe ezin onuragarriagoak dituela nabarmendu beharra dago.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra