Zeliakoen Nazioarteko Eguna
[button url=’http://zainduzaitez.com/dia-internacional-del-celiaco/’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
Maiatzaren 27a Zeliakoen Nazioarteko Eguna da, eta gizartea gaixotasun horren inguruan kontzientziatzea du helburu, jende askok jasaten duelako eta, batzuetan, oharkabean ere gertatzen delako. Era berean, diagnostiko goiztiarra egitea garrantzitsua dela nabarmentzea ere badu xede. Espainian baino ez, 450.000 lagunek dute gaixotasun hori, eta, haietatik, %10 besterik ez dago diagnostikatuta.
Kasuen %60 haurtzaroan agertzen badira ere, edozein adinetan azaldu daiteke. Gurasoek gaixotasuna transmititu dezaketenez osagai genetikoa badauka ere, ez da gauza bera gertatzen kasu guztietan.
Sintoma nagusiak adinaren arabera aldatu ahal izango dira, baina honako hauexek dira, besteak beste: jangurarik eza, pisuaren galera, goragaleak, gorakoak, sabelaldeko mina, idorreria… Edonolako susmorik izanez gero, hobe da medikuarenera joatea. Oso garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra egitea arazorik sortu ez dadin.
Zeliakia glutenarekiko jasanezintasunaren ondorioz azaltzen den gaixotasuna da, eta proteina hori hainbat elikagaitan dago; esate baterako, gari-irina, oloa, garagarra eta zekalea (ogia, pasta, gailetak, zerealak…).
«Glutenik gabeko dietan, ez dago inolaz ere gariz, zekalez, garagarrez eta oloz prestatutako edo osagai horiek edukitako produkturik jaterik.»
Zeliakia gaixotasun kronikoa denez, glutenik gabeko dieta egin beharra dago. Dena dela, oso erraza da dieta hori egitea, ondo baino hobeto dakigulako elikagai batek glutenik daukan ala ez. Hala ere, kontu handiz ibili beharra dago prozesatutako elikagaiekin batzuetan etiketan agertzen ez diren osagaiak ezkutatzen dituztelako ekoizleek. Horrez gain, adi-adi ere egon beharra dago etxetik kanpo jatean, eta aurretiaz eskatu beharra dago informazioa. Zorionez, gero eta jatetxe gehiagotan eskaintzen dituzte zeliakoentzat egokitutako menuak.
Jakina denez, zeliakoentzat baino ez diren elikagaiak daude, eta behar bezala daude etiketatuta. Izan ere, Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak (FACE) “Zeliakoentzat Egokitutako Elikagaien Zerrenda” egiten du urtero, eta, bertan, federazioari glutenik ez darabiltela jakinarazten dioten ekoizleen produktuak zein markak azaltzen dira.
Zeliakoen Nazioarteko Egunean, beraz, herrialde osoko gaixoen elkarteek hainbat jarduera garatzen dituzte, biztanleak gaixotasun horren inguruan kontzientziatzeko eta informazioa emateko.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra