Ogia gure eguneroko elikadurako oinarrizko produktuetakoa da, tradizioagatik (gure gizartean, behintzat, oso bitxia da ogi-zati handi bat barik jatea) eta elikagarria izateagatik. Hain zuzen ere, elikadura osasungarriaren oinarria diren karbohidrato konplexuak eskaintzen ditu. Hainbat eratako ogiak daude (zenbait formatakoak, egosketa-motakoak, mami gehiago edo gutxiagorekin, zenbait osagaidunak; esate baterako, fruitu lehorrak, haziak…), eta, euren artean, irin osokoak dira osasungarrienak, zuntz gehien eskaintzen dutelako gure dietan.
Elikaduraren segurtasunari begira produktu arriskutsutzat hartzen ez bada ere, bere ezaugarri organoleptikoak (testura, kurruskaritasuna…) oso epealdi laburrera daude mugatuta (oro har, egunean kontsumitzeko iraungipena dauka ogiak). Hori dela eta, egunero jaten den produktua denez, oso arrunta da soberako ogia edukitzea. Hona hemen soberako ogi horri onura ateratzeko zenbait ideia erraz:
Gosaritako txigorki gozoa
Aurreko eguneko soberako ogia gosaritako txigorki gozoak prestatzeko erabili dezakegu. Ogia ebakitzeko eta txigorgailuan sartzeko, gailetak edo opilak armairutik ateratzeko beste denbora behar dugu, besterik ez. Horrez gain, eguna hasteko modu osasungarria ere bada. Ogiak almidoia dauka (karbohidrato konplexuak), baina oso koipe eta azukre bakun gutxi, merkatuan salgai dagoen edozein opil, pastel edo gailetaren aldena.
Horrez gain, txigorkiei zorrotadatxo bat oliba-olio botatzen badiogu, askoz gosari osoagoa eta osasungarriagoa egingo dugu.
Nahiz eta denbora gehiago behar izan, txigorgailurik ez badugu, ogia zartagin itsasgaitzean “plantxan” txigortu ahal izango dugu beti.
Aukera errazena: izoztea
Soberako ogia izozkailuan sartu dezakegu zuzenean. Horrela, ezustekoren batean erabili ahal izango dugu.
Edonola ere, oso kontuan hartu beharra dago ogiaren osagaia den almidoia kristalizatu egiten dela behe-tenperaturetan (fenomeno horren ondorioz, “puntutxo zuriak” agertuko zaizkio). Hori dela eta, testura egokia lortzeko, behar bezala izoztu eta desizoztu beharra dago: fresko izoztu beharko dugu (gogortutakoan izozten badugu, arrakalatu egingo da desizoztean), eta aurretiaz bustita labean desizoztea izango da jatorrizko testura berreskuratzeko modu egokiena.
Etxeko ogi arraspatua
Arratsalde euritsu eta hotz horietako batean etxeko txikienekin zer egin ez dakigunean, “etxeko ogi arraspatua” egiteko erabili ditzakegu barra bat ogi gogor eta arraspagailua. Arratsaldea osatzeko, kroketa gozoak ere egin ditzakegu umeekin (oro har, oso-oso gogoko dute eragitea, oratzea eta forma ematea). Gainera, oinarrizko elikagaiak nondik datozen azaltzeko une egokia ere bada; esate baterako, irina edo ogia.
Postre tradizionala
Torradak (kanelaz zein limoiz usaingozatutako esnetan bustitako eta arrautza-irinetan pasatutako ogi-xerra gogorrak) Aratusteetako ohiko postrea dira, baina edozein urtarotan ere jan ahal izango ditugu.
Euren osagaiak osasungarriak izan arren (ogia, esnea, arrautza eta olioa), frijitu egiten direnez, kaloria asko dituzte. Hori dela eta, ez genituzke egunero jan behar. Dena dela, lantzean behin jan daitezke gosaritan, postrerako edo askaritan, baina, batez ere, hain osasungarriak ez diren beste elikagai batzuen ordez jaten baditugu; opilak edo “litxarreriak”, adibidez.
Etxean egindako “paniniak” edo “pizzetak”
Soberako ogia etxeko “panini” edo “pizzeta” gozoak egiteko erabili dezakegu. Horretarako, ogia zatituko dugu, erditik ireki eta tomate-saltsa (hobe etxean egindakoa bada), gazta arraspatua eta gustukoen ditugun osagaiak jarriko ditugu gainean; adibidez, urdaiazpikoa edo arrautza egosia, ziazerbak, kuiatxoa, atuna, alberjinia, olibak, artoa… Ondoren, zenbait minutuz sartuko dugu labean.
Konbinazioak ugariak dira, eta aitzakia ezin hobea da ohiko fast-fooda ordezkatzeko. Horrez gain, barazkiak eta elikagai osasungarriak ere sartu ahal izango ditugu txikienen dietan, euren protestak entzun gabe.
Unean bertan jaten ez baditugu, muntatutakoan izoztu ahal izango ditugu edozein unetan labean sartzeko.
 
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra

(Visited 83 times, 1 visits today)