“Osasuntsu jatea dibertigarria da, umeen loditasuna ez”
Maiatzaren 28an, asteazkena, Nutrizioaren Egun Nazionalaren XIII. edizioa egingo da, “Osasuntsu jatea dibertigarria da, umeen loditasuna ez” lelopean. Horrela, bada, larregizko pisuaren arazo larria jarri ahal izango da agerian.
Osasunari buruzko azken Inkesta Nazionalen arabera, helduen erdiek baino gehiagok dute arazo hori.
Umeen larregizko pisua sakonago ezagutzeko asmoz, Osasun Ministerioak eta Espainiako Elikaduraren Segurtasunaren Agentziak ALADINO azterlana egin zuten 2010-2011ko ikasturtean (Hazkuntzaren Zaintzari, Elikadurari, Jarduera Fisikoari, Umeen Garapenari eta Loditasunari buruzko Azterlana). Bertan, hain zuzen ere, autonomia-erkidego guztietako 7.500etik gora neska-mutilek parte hartu zuten. Ondorio kezkagarrienetakoaren arabera, 6 eta 9 urte arteko bi neska-mutiletatik batek larregizko pisua dauka. Beraz, azterlanean bertan adierazitakoaren arabera, joera hori handiagoa izango da honako faktore hauen ondorioz: gizona izatea, jaiotzean pisu handiagoa izatea, ez gosaltzea (azterlanean parte hartu duten ikasleen %20k edalontzi bat esne edo esneki bat baino ez dute hartzen eskolara joan baino lehen), egonean bizitzea, ikastetxean barik etxean jatea…
Elikadura desegokia
Hona hemen arazoaren arrazoi nagusietakoak: dietako gehiegizko kaloriak (azukreak, koipeak -aseak, batez ere- eta animalia-jatorriko proteinak) eta jateko maiztasuna. Gainera, batere osasungarria ez den dieta hori ez ezik, opilak, aurretiaz prestatutako janaria, janari azkarra, litxarreriak… ere jaten ditugu. Barazki-jatorriko elikagaiak, ordea, oso-oso gutxitan jaten ditugu.
Jarduera fisiko urria
Helduaroan, egoneko bizitzak biztanleen %40ren artean-edo dauka eragina. Horrez gain, heriotza-arriskurako faktoretzat ere jotzen da.
Umeei dagokienez, euren bizitza gero eta egonekoagoa da, atari zabaleko jokoen, kirol-jardueren… ordez egonekoagoak diren beste jarduera batzuk egiten dituztelako: telebista ikustea, bideo-jokoetan jokatzea…
Nahiz eta agerikoena eta hutsalena izan, larregizko pisua arazo estetikoa da, baina, horrez gain, osasunerako arriskua ere bada: fisikoa (bihotz-hodietako gaixotasunak, hipertentsioa, artikulazioetako arazoak, diabetea, minbizia…), psikologikoa (elikadurako nahasmenduak, depresioa, antsietatea, buru-estimuko arazoak) eta soziala (bereizkeria, isolamendua…).
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra