Elkarrizketa: “Ume alergikoak erabat osasuntsu daude, eta ezin dutena jaten dutenean baino ez dira gaixotzen”.
Arpil Zorrozua Elikalte Elikagaiekiko Alergien Euskal Elkarteko arduradun nagusia eta sortzaileetakoa da. Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu hori orain dela hamahiru urte sortu zen, eta alergiak dituztenen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzea dauka helburu.
Zergatik gertatzen da elikagaiekiko alergia?
Elikagaiekiko alergia gorputzaren larregizko erreakzioa da, eta elikagaietako zenbait proteina etsaitzat hartzen dituenean gertatzen da. Izan ere, bakterio edo birustzat jotzen ditu, eta oldarkortasunez egiten die eraso.
Nolako aldeak daude elikagaiekiko alergiaren eta intolerantziaren artean?
Funtsezkoa, elikagaiekiko alergian sistema immunologikoa dagoelako inplikatuta eta sendatu egin daitekeelako. Horrez gain, intolerantziak oso produktu zehatzekin dauka zerikusia: laktosa, glutena… Alergiak, ordea, edozein elikagairen ondorioz sortu daitezke. Azkenik, intolerantziaren aldean, mailaren arabera, elikagaiekiko alergiaren ondorioz badago anafilaxia ere sortzerik, berehalako tratamendu medikoa behar duen erreakzio alergiko larri-larria, alegia. Kalean gero eta informazio gehiago badago ere, oraindik badago informazio hori oso argi ez daukan elikagai-ekoizlerik.
Noiz eta nola azaltzen dira alergiak?
Umeen dieta osatzen dugun neurrian, alergenoak sartzen ditugu apurka-apurka. Arruntena, esnearena, amaren esnearena ez den lehenengo edo bigarren biberoian azaltzen da, eta erreakzio digestiboak, gonbitoak… sorrarazten ditu. Dena dela, beste arrazoi batzuk ere badaude. Gehienetan, elikagaiekiko alergia gaixotasun pediatrikoa da, urteak bete ahala sendatzen delako berez edo oso teknika eraginkor berrien bitartez; tolerantziara induzitzekoa, esate baterako.
Zein dira alergia ohikoenak?
Haurtzaroan, honako elikagai hauekiko alergiak dira arruntenak: esnea, arrautzak, arraina, lekaleak eta fruitu lehorrak. Azken hori, gainera, arazotsuenetakoa izan ohi da, nekez sendatzen delako eta elikagai horien kopuru txiki-txikienak ere erreakzio larriak sorrarazi ditzakeelako. Horrez gain, kontu handiz ibili beharra dago alergia horrekin, gaur egungo elikagaigintzan ia-ia guztia ekoizteko darabiltelako kakahuetea.
Helduaroan ere antzematen dira?
Helduaroan ere, sintoma berberak dituzten hainbat alergia antzematen dira, baina, haurtzaroan agertzen direnen aldean, ez dira sendatzen. “Gabonetako itsaskia” sindromea oso ospetsua da. Bizitza osoan jan dugu, eta, halako batean, kalte egiten digu, gorridurak sortzen dizkigu ahoaren inguruan, arnasa hartzeko arazoak ditugu, digestioko arazoak ere sortzen dira…
Diagnostikoa egin ondoren, aldian aldiko azterketa medikorik egin behar da elikagaiekiko alergian?
Oro har, alergiak bilakatu egiten dira. Lehenengo eta behin, elikagai kaltegarri guztiak kentzen dira umeen dietatik, eta, toleratu egin ditzaketela egiaztatzen denean, berriro hasten dira jaten tolerantziara induzitzeko terapiaren bidez. Terapia hori iritsi arte, alergia sortzen zuen elikagaia kendu behar zen dietatik, eta gorputzak erantzun eta gainditu arte itxaron beharra zegoen. Ez dago sendagairik, elikagaiak dietatik kentzea besterik ez dago. Sarritan, gurasoak naturopatarenera, homeopatarenera… joaten dira, dieta zorrotzak arintzeko irtenbide onen baten bila.
Aldaketa handiak egon dira tolerantziara induzitzeko terapiaren ondorioz?
Halaxe da. Zaintza medikoa zorrotza izanez gero, terapia horri esker, alergeno arazotsuaren dosi txikiak apurka-apurka sartu eta ugaritu daitezke, harik eta tolerantzia lortu arte. Helburua erdiesteko saialdien kopurua desberdina izango da kasuaren arabera, eta, beti-beti, ospitalean egingo dira, inoiz ez etxean.
Elikagaiekiko alergiak heredatu egiten dira?
Oso osagai genetiko handia dute. Asma, dermatitisa edo zenbait alergia dituzten pertsona atopikoen seme-alabek aukera gehiago izango dituzte horrelako arazoak edukitzeko. Esate baterako, aita asmatikoa denean, baliteke semeak arrainarekiko alergia garatzea. Horrez gain, alergikoek «martxa atopikoa» ere badute. Esate baterako, hasiera batean badute elikagaiekiko alergia eta, ondoren, dermatitis atopikoa zein asma garatzerik, guztiak batera.
Sendatzeko aukera gehiago ote daude zenbait alergiatan?
Alergia batzuk beste batzuk baino errazago sendatu daitezke, eta, inolako zalantzarik gabe, aukerak handiagoak izango dira alergia bakarra denean.
Arrunta ote da zenbait alergia batera garatzea?
Oso ohikoa da, eta, gainera, bat baino gehiago eta oso konplexuak garatu daitezke aldi berean. Adibidez, hasiera batean, nire alaba ama-esnearen bidez sentsibilizatu zen esnearen, arrautzaren eta arrainaren aurrean. Elikagai berriak sartzen nizkion neurrian, haragi, lekale eta fruten aurrean sentsibilizatu zen. Kasu batzuetan ere, baliteke familia berean seme/alaba batek alergia bat edukitzea; eta beste batek, erabat desberdina.
Medikuen eta zuon elkartearen arteko lankidetzarik ote dago?
Diagnostikoa egiaztatutakoan, alergologoek haientzat lagungarriak izan daitezkeen elkarteen berri ematen diete gaixoei; Elikalteren berri, esaterako. Albistea entzuten dutenean gurasoak nora ezean geratzen badira ere eta, askotan, errudun sentitzen badira ere, eguneroko bizimoduan onartzen laguntzen diegu senide guztientzako prestakuntzaren bidez.
Nolako prestakuntza ematen diezue gurasoei?
Banakako prestakuntza da, alergiko bakoitzak premia desberdinak ditu-eta. Ezinezkoa da talde berean jartzea, bizi-baldintzak desberdinak direlako, alergia bakoitzak bere berezitasunak dituelako, ulerkuntza-maila desberdina delako… Euren zalantzak argitzen saiatzen gara: umeak eskolaratzea, janaria etxean manipulatzea eta produktu bereziak erosteko denda espezializatuei buruzko informazioa ematea, alergikoen dieta monotono samarra ugariagoa izan dadin. Alergikoentzako elikagaiak garestiak direnez, marka handiak merkeago saltzen dituzten denden berri ere ematen diegu, erosketetan aurrezteko aukera izan dezaten.
Prestakuntza hori ikastetxeetan ere ematen duzue?
Irakasleei, jantokiko begiraleei eta ikasleen gurasoen elkarteei ematen diegu prestakuntza. Horrela, alergikoak ez diren umeen gurasoek ulertu egiten dute ume alergikoentzat oso garrantzitsua dela ikaskideen ulerkuntza eta elkartasuna jasotzea. Ulertu egin behar dute zeinen egokia den debekatutako elikagaiak eskolara ez eramatea; esate baterako, gozokiak, tartak, fruitu lehorrak…
Badago produktuen etiketei buruko arautegirik, edozein alergeno identifikatu ahal izateko?
Indarreko arautegiaren arabera, Europar Batasuneko ohiko hamalau alergeno agertu behar dira etiketetan. Dena dela, beste asko uzten dira kanpoan; artoa eta mertxika, esaterako. Azken hori, gainera, alergeno garrantzitsuenetakoa da, eta, batez ere, helduen artean dauka eragina. Abenduan onartuko den arautegian, elikagai bakoitzaren osagaiek dituzten hamalau alergenoak letra lodiz nabarmenduko dira, beheko aldean multzokatu beharrean. Hori dela eta, etiketako osagai guztiak irakurri beharko dira. Gure ustez, aldaketa estetiko hutsa da, eta kostata onartuko da. Horrez gain, berriro ere trazak, elikagaigintzan geratzen diren hondakinak, etiketatzea borondatezkoa izango denez, arretazko etiketa nahikoa egongo dira (elikagai honek …. trazak eduki ditzake). Hori dela eta, aukera gutxiago egongo dira hautatzeko orduan.
Ume alergikoentzako menuak eskaintzen dituzte ikastetxeetako jantokietan?
Euskadi arlo horretako araudi zorrotza daukan autonomia-erkidego urrietakoa da. Horren arabera, ikastetxe publikoek gainerakoen prezio bereko menu garbia eskaini behar diete ume alergikoei. Izan ere, lehiaketetan parte hartzen duten cateringeko enpresa guztiek eskaini behar dute. Itunpeko ikastetxe gehienek ere eskaintzen dute. Egoera, ordea, desberdina da ikastetxe pribatuetan.
Elikagaiekiko alergia gehiago daudela nabaritu duzue?
Gero eta alergiko gehiago daude. Guk geuk ikastetxeetan nabaritu dugu, batez ere. Lehen, bertan, ume alergiko bat zegoen ikasgelako, baina, orain, ohikoa da bizpahiru egotea. Era berean, agerpen handiagoa ere badute orain, gurasoek dieta bereziak jantokian bertan eskaintzea nahi dutelako, ume alergikoak gainerakoekin inplikatzen ez diren ume baztertuak izan ez daitezen.
Handiagoak ote dira elikagaiekiko alergikoen egoeraren inguruko ezagutza eta kontzientziazioa?
Orain dela hamahiru urte geure elkartea sortu genuenean, egoera ezin txarragoa zen benetan. Gaur egun, alergikoei ez zaie hain txarto begiratzen, eta euren egoera nahikoa normalizatu da (eskolak, jantokiak, elikagaien etiketak). Argi eta garbi adierazi beharra dago ume alergikoak erabat osasuntsu daudela eta ezin dutena jaten dutenean baino ez direla gaixotzen. Egoerak hobera egin badu ere, oraindik badago zer eginik. Esate baterako, tratua gizatiarragoa izan beharko litzateke alergikoei edo euren senideei diagnostikoaren berri ematen dietenean, eta langile adituak ere egon beharko lirateke, lehenengo une horietan egoera berri hori onartzen laguntzeko.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra