Nola eta noiz hartu edari isotonikoak
Ondo hidratatuta egotea funtsezkoa da, baina, batez ere, kirol-jarduera bizi-bizia egiteko asmoa dugunean. Ura ez ezik, jende askok edari isotonikoak edo kirol-edariak ere hartzen ditu kirola egin ostean indarberritzeko. Edonola ere, gomendagarriak dira beti? Edari horiek gatz mineralak eta elikagarriak erraz berreskuratzen laguntzen digutela egia bada ere, beti ez dira hidratatzeko modu onena.
Zer dira edari isotonikoak?
Edariok ura xurgatzen laguntzen digute, eta, horretarako, hori direla antzeman behar du organismoak, hau da, gure odolak beste konposatu eduki behar dituzte soluzioan. Hona hemen edari isotonikoen osagaiak: ura, azkar xurgatzen diren karbohidratoak eta elektrolitoak (gatz mineralak). Puntu honetan, ezinbestean nabarmendu beharra dago oso garrantzitsua dela osagaiak zein diren ondo irakurtzea, gaur egun “kirolarientzako edarien” etiketa daramaten guztiak ez direlako isotonikoak. Izan ere, osaketan gure odolaren baliokide egiten dituzten ezaugarri bereziak kentzen badizkiegu, azkenean daukaguna ez da edari isotonikoa, freskagarri hutsa baizik.
Badago freskagarri moduan kontsumitzerik?
Lantzean behin hartuz gero, ez lukete inolako eraginik eduki beharko gure osasunean, baina ez da gomendagarria ohiko edari edo uraren ordezko edari moduan erabiltzea, ehuneko batean dituzten zenbait gatz mineral kaltegarriak izan daitezkeelako gure giltzurrunetarako eta bihotzerako edo gorputzeko likidoak aldatu ditzaketelako. Beraz, ez dira nahastu behar freskagarri batekin eta, are gutxiago, umeentzako edari batekin.
Noiz daude gomendatuta eta zer neurritan?
Lehiaketa-kirolarientzat edo intentsitate handiko kirol-entrenamendu luzeak (ordubetetik gorakoak) egiten dituztenentzat daude gomendatuta, edo klimatologia desegokiko entrenamendu gogorretan ere bai. Horrelako ariketa egiten ez bada, hobe da ura erabiltzea likido-galerak berreskuratzeko. Kopurua norberaren ezaugarrien, ariketaren eta denboraren arabera aldatuko da, baina, oro har, 500-1000 ml-koa da. Horrez gain, edari guztietan oro har gertatzen den bezala, hobe da apurka-apurka, etenik gabe eta oso hotz ez daudenean edatea.
Badute umeek eta gazteek edaterik?
Oro har, ez da egokia adingabeek edatea, baina, batez ere, umeek eta nerabeek helduek baino gatz mineral gutxiago galtzen dituztelako izerdiaren bidez, ariketa egiten dutenean. Beraz, galdu ez dituzten gatz mineralak dituen edaria ematen badiegu, etorkizunean hipertentsioa izateko daukaten arriskua areagotuko dugu. Gainera, edari horiek azkar xurgatzen diren azukreak dituztenez, loditasunerako eta larregizko pisurako duten arriskua handitu eta txantxar-arazoak sorrarazi ditzakete. Era berean, desegokiak ere badira hipertentsioa edo giltzurrunetako gaixotasunak dituztenentzat.
Urdaileko mina, beherakoa edo okadak ditugunean, ona ote da edariok hartzea?
Edari isotonikoa hartuta ere, ez zaigu urdaileko mina kenduko, baina guretzat lagungarria izan daiteke deshidratazioa sorrarazten duen gastroenteritis akutua dugunean. Tradizioaren arabera, limonada alkalinoa edatea gomendatzen zen deshidratazioa ekiditeko, baina askok ez zuten edaten zapore txarra zuelako. Lehenengo edari isotonikoek limonada alkalinoaren antzeko itxura zeukatenez, haren ordez edariok hartzen hasi ziren. Edonola ere, urdail-hesteetako prozesuetan gatz mineralen inguruan dauden premiak ez dira edari isotonikoek eskaintzen dituzten bezalakoak, zehatz-mehatz. Hori dela eta, hasiera batean, betiere, espezialistaren batek aurkakoa adierazten ez badigu, hobe da etxeko limonada alkalinoaren formula edo ahoz berridratatzeko serumak erabiltzea.
Edukihaubeste web gunebatzuetanerabiltzeko, urlhonenbidezestekatu eta iturriazainduzaitez dela aipatubeharradago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2020.Lege-Oharra