“Dilistek burdina asko dute”

Dilistek 7,10 mg burdina dutenez, beste lekale batzuek beste dute ia-ia (esate baterako, txitxirioak eta indabak, 6,70 mg; eta soia, 8 mg). Haragiak, arrainak edo arrautzek burdina gutxiago badute ere, elikagai horien burdina nolakoa den kontuan hartuta, hobeto xurgatu eta erabiltzen da. Landare-jatorriko elikagaien burdina (dilistena, esaterako), ordea, ez da modu berean xurgatzen.

Landare-jatorriko burdina hori hobeto xurgatzeko, C bitaminarekin batera jan beharra dago. Izan ere, bitamina horrek ahalmen antioxidatzailea duenez, hobeto xurgatuko da burdina. Hartara, lekaleak jaten ditugunean mineral horri onura handiagoa aterako diogu postrerako fruta jaten badugu, esnekia hartu beharrean.

“Lekaleak oso koipetsuak dira”

Lekale gordinek ez dute koipe handirik (100 gramoko 3 gramo koipe, batez beste), eta koipe gehiena mono zein poliasegabea da (osasungarria osasunerako). Hau da, nola eta zerekin prestatzen ditugun hartu beharko dugu kontuan.

Produktu koipetsuekin barik (urdaia, txorizoa, odolostea…) barazkiekin prestatuz gero (tipula, azenarioa, porrua, piper gorria eta berdea, ziazerbak, lekak…) eta oliba-olio apur bat erantsiz gero, oso plater osasungarri eta orekatua prestatuko dugu, eta zuntz, karbohidrato konplexu eta landare-jatorriko proteina asko izango ditu.

“Lekaleak oso gogorrak dira digestio-sistemarako”

Lekaleek zuntz asko dute (dilisten 12 gramoen eta indaben 25 gramoen artean), oso elikagai osasungarriak dira, eta dieta orekatuaren osagaiak izan behar dira, betiere aurkakoa adierazten duen osasun-arazorik ez badago.

Besteak beste, lekaleak ez dira egokiak urdaila edo gibela babesteko dietetan, ezta hesteetako zenbait patologiatako etapa batzuetan ere. Batzuetan, ordea, apurka-apurka sartu ahal izango dira elikaduran, eta, horretarako, puregailuan birrindu ahal izango dira zuntz hori kentzeko.

Edonola ere, profesional sanitarioak (medikua edota dietista) esango digu zein den elikagai horiek murrizteko edo sartzeko kronologia.

“Lekaleek ikaragarri loditzen dute”

Lekale-arrazio batek (plater betea) 200 inguru Kcal ditu (hau da, bi jogurtek, katilu handi bat kafesnek edo pare bat zereal-barrak beste).

Lehen aipatu dugun bezala, nola prestatzen ditugun hartu beharko dugu kontuan. Barazkiekin eta oliba-olio apur batekin prestatuz gero, oso osasungarriak eta egokiak izango dira argaltzeko dietetarako.

Gure dietan hainbat haragi ez jateko, oso aukera ona da lekaleekin batera plater on bat entsalada, barazki edo zereal jatea (arroza, pasta, barazkidun cus-cusa…). Horrela, bada, otordu osasungarri bezain elikagarria egingo dugu.

“Indaba gorriak zuriak baino elikagarriagoak dira”

Elikagaien osagaien taulak kontsultatuz gero (gutxi gorabehera zenbat elikagarri dituzten azaltzen da bertan), bi indaben ekarpen elikagarria ia-ia antzekoa dela ikusi ahal izango dugu. Beraz, bi lekale horien artean ez dago desberdintasun elikagarririk, eta, funtsean, euren ezaugarri organoleptikoak izango dira alde nagusia (zaporea, kolorea, testura…). Horri esker, dieta ugariagoa egin dezakegu.

“Ez dut janaria prestatzeko astirik, baina potoko lekaleak ez dira osasungarriak”

Lekale egosien kontserbetan, lekalea bera, ura eta gatza baino ez daudenez, ez dira elikagai koipetsuak, eta oso irtenbide ona izan daitezke, ezusteko menuren bat sortzen denean edo astirik ez dugunean.

Dena dela, gatza dutenez, sodioa murriztuta izanez gero (hipertentsioan, giltzurrunetako gaixotasunetan, bihotzeko gaixotasunetan, edemetan…), etxean betiko erara eta gatzik gabe egositako lekaleak aukeratu beharko ditugu.

Nolanahi ere, apur bat antolatuz gero (dilistak izan ezik, lekaleak aurretiaz beratu behar direla hartu beharra dago kontuan) eta eltze lasterra izanez gero, badago lekaleak berehala egiterik. Hartara, gatz-kopurua kontrolatu eta era guztietako barazkiak erantsi ahal izango ditugu (tipula, azenarioa, porrua…) oliba-olio apur batekin. Horri esker, plateraren zaporea eta balio elikagarria areagotuko ditugu.

 

Laura González

Gastronomia Baskako dietista

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra