Zuntza, ongizate digestiboa baino askoz gehiago
Zuntz dietetikoaren zenbait osagaik (zelulosa, lignina, pektinak, karragenatoak…) landareen zelulak osatzen dituzte, eta zurruntasuna ematen diete.
Heste meharrak ez du janari-zuntza digeritzerik eta xurgatzerik. Horren ondorioz, heste lodira oso-osorik igarotzen denez, oso onuragarria da gure organismorako.
Bere disolbagarritasunaren arabera, zuntza disolbagarria eta disolbaezina izan daiteke. Oro har, zuntz disolbagarria frutetan, barazkietan, leketan… dago; eta zuntz disolbaezina, osoko zerealetan.
ZUNTZAREN ONURAK
Teknikaren aldetik, zuntzaren eginkizuna energetikoa (digeritzen ez denez, ez du inolako kaloria-ekarpenik), egiturazkoa (ez da gure organismoko egituren osagaia) eta erregulatzailea ez bada ere, gure dietan funtsezkoa da, honako abantaila hauek eskaintzen dituelako:
1. Heste-igarobidea hobetzen du
Digeritzen ez denez, zuntza (osoko zerealetako disolbaezina, batez ere) oso-osorik igarotzen da heste lodira, eta urari eusten dio bere molekulan. Hartara, gorozkien tamaina zein likatasuna handiagotzen ditu, bigundu egiten ditu eta mugimendu peristaltikoak suspertzen ditu, idorreria eta beste patologia batzuk ekiditeko; esate baterako, hemorroideak edo dibertikuluetako gaixotasunak.
2. Hesteetako bakterioen substratua da
Zuntzaren zati bat (barazki, fruta eta leketako disolbagarria, batez ere) hartzitu egiten da hesteetako bakterioen bidez. Zuntz-ekarpena ona izanez gero, gure hesteetako flora ondo egongo da, eta zailagoa izango da koloneko minbizia agertzea.
3. Arazo lipidoetarako onurak ditu (kolesterola)
Zenbait arrazoirengatik, zuntz-ekarpen handiak odoleko profil lipidikoa hobetuko du (oso ezaguna den «kolesterol txarra» edo LDL murriztean).
4. Karbohidratoen metabolismorako onurak ditu
Zuntzak dietaren bidez irensten ditugun karbohidratoen digestioa eta xurgapena moteltzen dituenez, glukosa astiroago igaroko da odolera, eta intsulina gutxiago jariatuko da. Hori oso garrantzitsua da gaixo diabetikoentzat, zuntza oso lagungarria izango delako odoleko glukosa-tasa erregulatzeko orduan.
5. Asegarria da
Ia-ia kaloria-ekarpenik ez daukanez eta elikadura-boloaren tamaina nahiz likatasuna handiagotzen dituenez, baina hidratatzen denean, batez ere, asegarria da oso. Esate baterako, beraz, oso lagungarria izan daiteke dieta hipokalorikoak egiten ditugunean.
Horrez gain, zuntza landare-jatorriko produktuetan dagoenez, elikagai horietako osagai guztien onurak ere lortuko ditugu: bitaminak, mineralak, antioxidatzaileak…
GOMENDIO DIETETIKOAK
Gutxi gorabehera, 25-40 gramo zuntz kontsumitu beharko genuke egunean (disolbagarriaren eta disolbaezinaren arteko proportzioa 3:1ekoa izan behar da, gainera). Edonola ere, gizarte industrializatuko eredu dietetikoaren arabera, 20 gramora ere ez gara iristen.
Gure organismoak behar duen zuntz-ekarpena ziurtatzeko, oso garrantzitsua da egunero-egunero era guztietako fruta eta barazki ugari jatea (eguneko bost arrazio, gutxienez), lekaleak zein fruitu lehorrak gure dietaren osagaiak izatea eta zerealen osoko barietateak sartzea (ogia, pasta, arroza…). Horrela, bada, ongizate digestiboa lortuko dugu, gaixotasunak prebenituko ditugu eta geure osasuna hobetuko dugu.
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra
post