Zukuak, aukera osasungarria
Udan, jangura murriztu eta likidoak edateko gogoa handitu egiten denez, zuku naturalak oso aukera ona dira, inolako zalantzarik gabe. Edari ospetsuenetakoa dira, egarria asetzen dute, gorputza hidratatzen dute eta jatorri dituzten fruten antzeko balio elikagarria daukate.
Zukua landare eta fruta naturaletatik prozedura mekanikoen bidez ateratzen den likidoa da, eta, hartzitu egiten ez direnez, ezaugarri guztiei eusten diete.
“Zukua hartzeko ordu onena gosaritan da, energia handia ematen diolako gorputzari. Izan ere, zukuen azukrea kontsumitu egiten denez, ez da gantz bihurtzen.”
Era berean, fruta-kontzentratuen bidez lortutako produktuak ere zukuak izan arren, etiketan bertan adierazi beharra dago. Zukutu berriek ez bezalako zaporea badute ere, antzeko ezaugarri elikagarriak dituzte. Bestetik, nektarrak ere badaude, hau da, zuku naturalari azukrea eta ura nahastean sortutako produktua.
Zukuak Antzinarotik dira garrantzitsuak giza elikaduran, garai hartan jainkoen janaria zirela eta ezaugarri magikoak zituztela zioten-eta. Eskaintza moduan erabiltzen zituzten tenpluetan, eta, gaur egun ere, berbera egiten jarraitzen dute zenbait herrialdetan; Indian, esaterako.
Zukua hartzeko ordu onena gosaritan da, energia handia ematen diolako gorputzari. Izan ere, zukuen azukrea kontsumitu egiten denez, ez da gantz bihurtzen. Era berean, kirolarientzat ere bada oso egokia, ariketa egin baino lehen eta ondoren, izerdiaren bidez galdutako likidoak zein mineralak ordezkatzen dituelako.
Onurak eta kontuan hartu beharrekoak
Neurriz hartu beharreko elikagaia da. Izan ere, zukuak bizpahiru pieza fruta daramatzanez, azukre asko eta zuntz gutxi dauzka. Horrez gain, ez du fruta murtxikatzen dugunean besteko asetasuna sorrarazten, sakarosa ez delako astiro eta era osasungarrian digeritzen.
Oso kontuan hartu beharra dago zukuak ez duela pieza bat fruta ordezkatuko, zukututakoan bitaminak, antioxidatzaileak eta zuntza galtzen dituelako.
Oso onuragarriak dira osasunerako, ezaugarri hidratatzaileak, antioxidatzaileak, mineralizatzaileak eta tonifikatzaileak dituztelako. Immunitate-sistema hobetzen dute, eta bihotz-hodietako zenbait gaixotasun, nekea zein akidura prebenitzen dituzte. C eta E bitamina-iturria dira, eta zenbait mineral ere badituzte; esate baterako, potasioa, magnesioa eta kaltzioa.
Nahikoa da egunean edalontzi bat zuku edatea, frutak azukreak direla hartu behar delako kontuan.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra