CASTELLANO

Zerbait frijitzen dugunean, birziklatu dezakegun olio ugari darabilgu. Ondo egiten badugu, sukaldaritzan aurrezten lagunduko digu.
Olioaren degradazioa
Olioa berotzen denean tenperatura handia hartzen duenez, bere egitura aldatu egiten da, prozesu kimikoak azkartu egiten dira eta degradatu egiten da. Elikagaiaren uraren eta olioaren artean gertatzen den erreakzio kimikoaren ondorioz oxidazioa sustatzen duten gantz-azido askeak ugaritu egiten direnez, olioaren usaina eta zaporea desatseginak izango dira.
Gomendioak
Olio-motei dagokienez, ekilore-olioa barik oliba-olioa erabiltzea gomendatzen da, hobeto aurre egiten dielako tenperatura handiei eta, horren ondorioz, baldintza hobeetan berrerabili daiteke. Ekilore-olioa baino arinagoa da, kaloria gutxiago ditu eta osasungarriagoa da. Horrez gain, olio hori astiroago deskonposatzen denez, elikagaiek olio gutxiago xurgatzen dute.
– Lehenengo erabileran lar berotzean ke-puntua gainditu badugu, ez da gomendagarria berriro erabiltzea higatu egin delako, ezaugarriak galdu dituelako, toxiko bihurtu delako, usain zein zapore desatseginak dituelako eta osasunerako kaltegarria delako. Frijitzean 170ºC ez gainditzea da egokiena, horrela ez delako lar berotuko. Olioa tenperatura egokian dagoen jakiteko, badago produktuaren zati txikitxoa botatzerik eta olioak haren inguruan borbor egiten duen egiaztatzerik.
– Ez da gomendagarria olio-mota desberdinak nahastea eta olio berria zein erabilia nahastea ere ez, haien ke-puntuak desberdinak direlako.
– Oso egokia da elikagaiak ondo lehortzea eta hozkailutik edo izozkailutik zuzenean ez erabiltzea, urak olioaren deskonposizioa sustatzen du-eta.
– Badago olioa berrerabiltzerik, nahiz eta bigarren erabileran oliba-olio onenak higatu egiten direla eta euren bertuteak zein ezaugarriak galtzen dituztela jakin. Oso gomendagarria da hirutan baino gehiagotan ez berrerabiltzea, betiere, ezpurutasunik ez badauka eta oso likatsu ez badago.
– Gogoan izan behar dugu berrerabilitako olioa apurka-apurka higatzen dela eta elikagaiak alferrik galtzen dituelako, olio gehiago xurgatzen dutelako eta ez direlako neurri berean frijitzen. Era berean, kutsadura gurutzatua ere gertatu daitekeenez, zapor eta usain arraroak nahastu daitezke-
– Larregizko olioa xukatzeko, paper xurgatzailea erabili beharra dago.
Nola gorde
Olioa garbitzeko orduan, iragazki fina erabili behar da. Horrela, etendako partikulak eta erretako elikagai-hondarrak kentzen dira, oxidazioa eta deskonposizioa areagotzen dutela kontuan hartuta. Leku fresko bezain lehorrean gorde beharra dago.
Birziklapena
Oso garrantzizkoa da botila huts batean birziklatzea edukiontzi berezian eta bilketa-gunean uzteko, eta ez da inoiz harritik behera bota behar. Hori eginez gero, arazo ekologiko larriak saihestuko ditugu; esate baterako, hodiak ez dira buxatuko, hondakin-uren araztegietako lana ez da areagotuko eta ez da kutsadurarik sortuko. Ohitura txiki horiek oso onuragarriak dira osasunari eta planetaren jasangarritasunari begira.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 105 times, 1 visits today)