CASTELLANO

Udaberria iristean tenperaturek gora egiten dutenez eta eguzki-orduak luzatzen direnez, eguneroko ohiturak aldatzen hasten gara, aktiboago gaude, gehiago irteten gara kalera…, eta dendak ere sasoiko fruta eta barazki koloretsuz betetzen hasten dira.
Oraindik koilarako platerak albo batera utzi ezin baditugu ere, udaberria heltzean gogokoago ditugu sasoikoak bertakoak diren elikagai freskoak, bitamina eta mineral ugari ematen dizkigute-eta.
Arazketa eta berriztapena
Udaberria aldaketaren urtaroa da, tenperatura-aldaketak oso handiak dira eta geure gorputza udako berotasunari aurre egiteko prestatzen hasten gara. Araztu egin behar dugu, toxinak kentzeko, biziberritzeko eta energia hartzeko.
Elikadura funtsezkoa da udaberrian. Naturak berak era guztietako elikagai ugari jartzen ditu gure esku. Oso garrantzitsua da sasoiko produktuak kontsumitzea, ezaugarri elikagarriei, zaporeari eta usainari hobeto eusten dietelako.
Frutek eta barazkiek leku handia beteko dute gure dietan
Inolako zalantzarik gabe, barazkiak eta ortuariak dira bitamina eta mineral gehien eskaintzen dizkiguten elikagaiak: zainzuriak, urazak, tipuletak, errefauak, porruak… Elikagai berdeak funtsezkoak dira gure elikaduran. “Hostodunak” ere esaten zaie, xamur bezain urtsuak dira eta elikatu eta hidratatu egiten gaituzte.
Eguraldi ona datorrenean, entsaladak ohikoagoak dira gure dietan. Gogoan eduki behar da oso gomendagarria dela barazkiak gordinik jatea, horrela elikagarri guztiei eusten dietelako, egostean suntsitu edo gutxitu egiten direla kontuan hartuta. Era berean, ur irakinetan ere egin daitezke, mahaira iristean kurruskari egon daitezen, edo lurrunetan ere bai, zaporea zein ezaugarriak galdu ez ditzaten.
Horrez gain, oso garrantzitsua da geure dietan urtaro honetako era guztietako frutak sartzea, urteko ugarienak eta zaporetsuenak direlako: mizpira, anana, pomeloa, abrikotak, gereziak, aranak, marrubiak… Gure gorputza hidratatu eta araztu egiten dute, eta bitaminen, mineralen zein antioxidatzaileen iturria dira. Eguneko edozein ordutan, goiz erdian edo arratsalde erdian, oso mokadu egokia dira.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra

(Visited 278 times, 1 visits today)