Tolosako indabak euskal sukaldaritzako plater tradizionaletakoa dira. Gipuzkoako udalerri horretako indaba beltzen zaporea oso bereizgarria da, baita prestatzean sortzen duten salda ezin gozoagoa ere. More ilunak, ia-ia beltzak, nahiz obalatuak dira, 1-1,5 zentimetroko tamaina dute eta azal fina, gurintasuna zein ahogozo aparta dituzte ezaugarri bereizgarri.
Indabak euskal eltzekoaren funtsezko osagaia ziren, eta, XIX. mendean nahiz XX. mendearen zati handi batean, oso ohikoak ziren Euskal Herriko dietan. Joan den mendearen bigarren zatian, ordea, behera egin zuten elikadurako ohiturak aldatzean eta ekoizpenean nahiz kontsumoan hedapen industriala gertatzean. Horren ondoren, Tolosako indabak eskari handikoak dira gaur egun, euren kalitatearen erakusgarri.
Tolosako indabak 1256. urtetik udalerrian bertan egindako merkatuan saldu izan dira beti. Oso-oso garrantzitsuak ziren, Nafarroa, Aragoi eta Gaztela arteko komunikazioetako lotunea zirelako. Hain zuzen ere, ez da Tolosakoak direla esaten eskualde horretan bakarrik ereiten direlako, bertako azokan merkaturatzen direlako baizik.
Badira zenbait urte Tolosako indabek Eusko Label kalitate-ziurtagiria dutela. Izan ere, euren kalitate handiagatik eta ingurumena errespetatzen duen ekoizpen-sistemagatik lortu zuten. Lekadun hauek udaberrian, maiatzean, erein eta irailean biltzen dira. Prozesu guztia eskuz egiten da, gainera. Bildutakoan, lehortu egiten dira, eta, horretarako, ganbaretan zabaltzen dira. Lehor-lehor daudenean, garandu, hautatu eta merkaturatzeko ontziratzen dira.
Indabak oso gomendagarriak dira dietan, kalitate elikagarri handia dute-eta. Horrez gain, proteina, karbohidrato, zuntz, mineral eta B bitamina ugari ere badituzte. Era berean, idorreria prebenitu, odoleko glukosa-mailei eutsi eta kolesterola gutxitzen dute.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 409 times, 1 visits today)