CASTELLANO

 

Ozpina etxe edo jatetxe guztietan dago, baina, nahiz eta ezinbestekoa izan, beti ez da merezi duen bezala balioesten. Era askotako ozpinak daude, ezin delako beti ozpin berbera erabili kasu guztietan. Hona hemen bere funtsezko motak eta erabilerak.

 

Beharbada, ozpin zuria ohikoena da etxeetan. Zapore bizia du. Ez dator ardotik, beste lehengai batzuk erabiltzen direlako bere ekoizpenean; esate baterako, artoa edo beterraba. Haragiak biguntzen ditu, eta kontserbatzaile ona da, eskabetxeetan edo ozpinetakoetan, esaterako.

 

Era askotako mahats-ozpinak daude. Ardo beltzaren ozpina oso ezaguna da. Oro har, entsaladetan erabiltzen da, baina, ere berean, ondo doa oilaskoz eta haragiz egindako erregosietan. Haragi gorrien zaporea nabarmentzen du. Errioxako ardoaren barietatea oso zaporetsua da, eta teila-kolore bereizgarria du.

 

Ardo zuriaren ozpina ondo doa zenbait saltsarekin. Jerez ozpina ezin hobeto doa salmorejoekin edo gazpatxoekin, moskatel-mahatsen edo Pedro Ximenezen bidez egiten da eta haritzezko barrikan ondu beharra dago.

 

Orain dela urte batzuk oso modan egon zen baltsamikoa ere ardotik dator. Gutxienez 12 urtez ontzen da barrikan. Haragiekin edo entsaladekin erabiltzen da, baina hauxe hartu beharra dago kontuan: Italiako Modenako benetako baltsamikoak aceto balsamico du izena, eta adierazpen geografiko babestuaren ikurra darama. Horrela ez bada, baliteke koloratzaileak eta karamelua erantsita daramatzaten kalitate txarreko ozpinen aurrean egotea (supermerkatuetan egoten direnak). Italian, azkenburukoan eta gaztekin erabiltzen da.

 

Sagar-ozpina sagardoa hartzitzean lortzen denez, puntu min berezia dauka. Bere zaporea ahaltsua bezain leuna da. Oso egokia da entsaladetarako, baina haragi zuri, itsaski eta arrainetarako ere bai.

 

Arroz-ozpina suabea eta gozo samarra da, asko erabiltzen da Asia inguruan eta, Txinako zein Japoniako sukaldaritzaren bidez, apurka-apurka sartu da gure gastronomian. Ondo doa ekialdeko jatorrizko platerekin, baina entsaladekin, barazkiekin edo itsaskiekin ere bai.

 

Jatorri-deituradun ozpinak

 

Oro har, jatorrizko ardoaren araberako zaporea, kolorea eta ezaugarriak izango ditu ozpin bakoitzak, baina, kasu batzuetan, jatorri-deitura ere aurkituko dugu. Hartara, jerez ozpin gozoak eta erdigozoak daude, Pedro Ximenezekin edo moskatelarekin. Era berean, arruntak, erreserbakoak edo erreserba handikoak izan ahal dira, ontzeko epealdiaren arabera. Esandakoa, labirintoa.

 

Espainian, deituradun beste ozpin bat dago, eta ez da hain ezaguna: Huelvako Konderriko ozpina. Izen bereko deituratik datozen ardoak hartzitzean lortutako produktua da, eta zedarritutako eremu zabala hartzen du honako udal-mugarte hauetan: Almonte, Beas, Bollullos Par del Condado, Bonares, Chucena, Gibraleón, Hinojos, La Palma del Condado, Lucena del Puerto, Manzanilla, Moguer, Niebla, Palos de la Frontera, Rociana del Condado, San Juan del Puerto, Trigueros, Villalba del Alcor eta Villarrasa.

 

© Zainduzaitez, Bilbao 2022. Lege-oharra

(Visited 68 times, 1 visits today)