Orburua, neguko oso barazki osasungarria
Orburua sukaldaritzako bitxitzat hartzen dute, eta neguko barazki preziatuenetakoa ere bada nutrizioari zein gastronomiari begira. Egia esan, orburu-landarearen heldu gabeko lorea da, eta hosto guztiak gainjarrita ditu ezkatak balira bezala. Kanpoko hostoak sortakatuak dira. Barrukoak, ordea, samur bezain zaporetsuak dira, eta orburuaren “bihotza” eratzen dute.
Antzinarotik da ezaguna, eta arabiarrak izan ziren Mediterraneo osoan hedatu zutenak. Horrez gain, sendatzailetzat jotzen zuten bere ezaugarri sendagarriengatik. Mediterraneoko arroko herrialdeak ekoizle nagusiak dira.
Urritik neguko lehenengo hilabeteetara arte biltzen dira. Luzaroago iraun dezaten, gomendagarria da leku freskoetan gordetzea eta zutoinak uretan murgiltzea loreak izango balira bezala.
Erabilera anitzeko barazkia da sukaldaritzan, eta bakarrik edo hornigai moduan jan daiteke: plantxan, tenpuran, entsaladan, erregosietan, haragiekin eta arrainekin… Orburuaren mamia urtsua bezain fina da, nolabaiteko mingostasuna du eta bere zaporea gozoa da amaieran.
Orburua oso elikagai orekatua eta osasungarria da, kaloria gutxi ditu eta zuntz ugari. Era berean, hainbat onura ere baditu: digestioa errazten du, koipea erretzen du eta kolesterola kontrolatzen laguntzen du. Gainera, likidoen erretentzioa ekiditen du, oso arazgarria delako. A eta C bitaminak dituenez, eragin antioxidatzailea ere badu.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2020. Lege-Oharra