Biztanleen %15en artean eragina duten elikagaiekiko alergien eta intolerantzien sintomak antzekoak direnez, nahastu egin gaitezke. Edonola ere, sistema immunologikoa alergietan baino ez dago inplikatuta.
Alergiak
Elikagaiekiko alergia intolerantzia-modu berezia da, eta sistema immunologikoa jartzen du abian, kaltegabea izan ohi den substantzia mehatxutzat jotzen duenean (alergenoa). Umeen artean eragina %3-%7koa bada ere, gehienek lehenengo urteetan gainditzen dituzte, eta, helduen artean, eragin hori %2koa baino ez da. Gehienetan, heredatu egiten denez, bizitzako lehenengo urteetan antzematen da.
Sintomak
Sintomak arnasketan (azkurak, muki-jarioak, eztula…), urdailean nahiz hesteetan (gonbitoak, beherakoa, goragaleak, kolikoak…) eta larruazalean (hanturak, urtikaria, ekzemak, negalak…) igartzen dira. Zenbait erreakzio alergiko garatu baino lehen orduak edo egunak ere igaro daitezkeen arren, berehala eta leku zehatz batean agertzen dira oro har.
Intolerantziak
Elikagairen bat edo bere osagairen bat behar bezala digeritu ezin denean sortzen da elikagaiekiko intolerantzia. Elikagaiekiko intolerantziek metabolismoan dute eragina, baina ez sistema immunologikoan. Bi intolerantzia handienak laktosa eta glutenarekikoak dira, fruktosa edo zenbait zuntz-motarekikoa ere egon arren.
Sintomak
Sintomak alergienen antzekoak izan daitezke: goragaleak, beherakoa, sabelaldeko mina…
Zer egin
Elikagaiekiko alergia eta intolerantzia behar bezala diagnostikatu daitezke detekzio-metodo zientifikoen bitartez. Medikuarenera joan ostean, espezialista dietistarenera jo beharra dago tratamendua egiteko.
Alergiei dagokienez, elikagai kaltegarria dietatik erabat desagertzea izango da garatu daitekeen jarduketa bakarra. Oso garrantzitsua da elikagaien etiketak aztertzea eta produktuaren ustezko izen guztiak zein diren jakitea. Esate baterako, honako hauexek izan daitezke arrautzari emandako izenak: libetina, albumina, lisozima… Behi-esne eta arrautzarekiko alergiak desagertu daitezkeen arren, honako elikagai hauekiko alergiak bizitza osorako izango dira: fruitu lehorrak, lekaleak, arraina eta itsaskia.
Intolerantziei dagokienez, elikagai horiek oso kopuru txikietan jan beharko dira. Glutenarekiko intoleranteek, ordea, ezin izango dute elikagai hori inoiz jan (gaixotasun zeliakoa).
Sólo se permite la utilización de este contenido en otros sitios web enlazando con este vínculo, mencionando como fuente a Zainduzaitez.  
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Aviso Legal

(Visited 660 times, 1 visits today)