Produktu lightek gero eta agerpen handiagoa dute supermerkatuetako linealetan, jendea gero eta kezkatuago dagoelako loditasunagatik eta osasunean dituen ondorio kaltegarriengatik. Dena dela, kontu handiz ibili beharra dago produktu horiekin, lightak ez duelako esan nahi kaloriarik ez daukanik. Neurriz jan behar dira, eta zer osaketa nutrizional duten begiratu beharko da beti. Horrela, bada, koipe gutxiko produktuak azukre asko izan dezake edo alderantziz. Hori dela eta, kaloria-ekarpena ez da uste bezain txikia izango.
Elikagai “lightetan” edo “arinetan”, erreferentziako elikagaiarena baino txikiagoa izan beharko da ekarpen energetikoa. Merkatuan dauden beste produktu batzuetatik etorri beharko dira, naturalak edo prozesatuak diren kontuan hartu gabe. Produktu lightetan, osagaiak desagerrarazi, murriztu edo ordezkatu egiten dira, dentsitate energetikoa txikiagoa izan dadin.

«Produktu lightetan, osagaiak desagerrarazi, murriztu edo ordezkatu egiten dira, dentsitate energetikoa txikiagoa izan dadin.»

Hori lortzeko, baina zaporea galdu gabe, bi teknika erabiltzen dira: azukreak murriztea eta, haien ordez, edulkoratzaileak erabiltzea; eta koipeak murriztea edo ordezkatzea.
Lehenengo kasuan, edulkoratzaileek zaporea ematen diete elikagaiei, eta azukre arrunta edo fruktosa (frutaren azukrea eta eztia) ez kontsumitzeko aukera da. Energia-ekarpen urrikoak dira, ez dute kariesik sorrarazten eta ez dute inolako eraginik azukre-mailetan
Koipeei dagokienez, ordezko moduan erabiltzen diren substantziak bi taldetan daude sailkatuta: mimetikoak eta ordezkoak. Lehenengoek koipearen testura simulatzen dute, baina ez dute oso-osorik ordezkatzen. Ordezkoak edo koipe-imitatzaileak koipeen antzekoak dira ikuspegi fisiko eta kimikotik, eta koipearen zaporea zein gantzutasuna eskaintzen dituzte.
Guzti-guztiak hainbat produktu ekoizteko erabiltzen dira: esnekiak, saltsak, izozkiak, konfiturak, gaztak, maionesak, marmeladak, esnegain likidoak, irabiakiak, ogi txigortua, gurinak, jogurtak…
Produktu lightak loditasuna edo diabetea dutenentzat dira, kaloria edota azukre gutxiago kontsumitu behar dituztelako.
Espainian, Elikadura Antolatzeko Ministerio Arteko Batzordeak (CIOA) 1990an egindako hitzarmenaren arabera arautzen direnez, honako hiru eskakizun hauek bete behar dituzte:

  • Erreferentziako elikagaia egotea.
  • Balio energetikoa erreferentziako elikagaiarena baino %30 txikiagoa izatea gutxienez.
  • Etiketan bertan, kaloria-murrizketaren ehunekoa eta balio energetikoa zein diren agertzea.

Edonola ere, azterketa egin berrietan, etiketetan akatsak daudela eta mezu batzuek kontsumitzaileak nahasten dituztela antzeman dute. Eroski Consumerrek egindako azken azterketaren arabera, aztertutako 52 elikagai lightetatik herenetan baino gehiagotan kaloria-ekarpena ez zen %30 murrizten, eta lautik hiru ohiko baliokideak baino garestiagoak ziren.
Azken batean, elikagai lightak neurriz kontsumitu behar dira, haien kaloria-ekarpena beti behar beste murrizten ez dutela hartu behar da kontuan eta haien ohiko erreferenteak baino garestiagoak dira gehienetan.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra

(Visited 80 times, 1 visits today)