Eguberri osasungarria
Gabonetan, familiarekin eta lagunekin gozatzen dugu janariaz, baina, batzuetan, jai guztietan gainetik kendu ezin izango ditugun larregikeriez ere bai.
Gabonetako menuko kaloriek urtearen gaineratikoko edozein otordu orekatutakoak hirukoiztu ditzaketela kontuan hartzen badugu (oro har, gainera, azukre, koipe ase eta alkohol gehiago ere kontsumitzen ditugu), ez da harritzekoa zenbait azterketatan Urte Berrian kilo erdi eta bi kilo artean loditu gaitezkeela adieraztea.
Egun jakin batzuetan larregikeriaren bat egitea (betiere desegokiespen medikorik ez badago) ez da kaltegarria osasunerako. Izan ere, berezkoa ere bada elikaduraren faktore psikologiko eta soziologikoa asetzeko orduan (gogoan izan behar dugu jatea elikatzea baino askoz gehiago dela).
Gabonak luzeegiak dira, ordea: lehenengo turroiak supermerkatuko apalategietan agertzen direnean hasi eta urtarrilaren hasierara arte luzatu daitezke, Errege Eguneko errosken eskaintzak hasten direnean. Bi data horien arteko epealdian, gainera, familiako, enpresako, lagunen arteko… bazkari eta afariez beteta dugu agenda.
Denetarik jan dezakegu, betiere neurriz egiten badugu. Otordu oparoak egutegian gorriz dauden egunetan bakarrik egiten baditugu eta Gabonetako gainerako epealdian elikadura osasungarriari eusten badiogu, Gabonak ezin atseginagoak izango dira, eta ez dugu edukiko ez ezustekorik ez ondorio kaltegarririk.
Edonola ere, aholku txiki batzuk kontuan hartuz gero, egunotan bete-betean gozatu ahal izango dugu geure osasunari eta poltsikoari kalterik egin gabe. Horrez gain, osasunean inbertitzeko ohitura egokiei ere eutsi ahal izango diegu:
– Ondo amaitzeko… ondo hasi beharra dago
Zizka-mizkak edo hasierakoak ezinbestekoak omen dira Gabonetan behar den moduan atondutako edozein mahaitan. Hain zuzen ere, janaurrekoa ona bada, ase egingo gara, eta ez dugu plater nagusia hainbesteko irrikaz jango.
– Esate baterako, honako plater hauek jarri ahal izango ditugu mahaian: txanpinoiak berakatzarekin, plantxan egindako perretxikoak espeziekin, zainzuriak… Horrez gain, maionesaren edo beste saltsa koipetsu batzuen ordez, oliba-olioa, ozpina, tipula eta piperra osagai dituen ozpin-olioa ere egin dezakegu. Horrela, platerak ez ditu hainbeste kaloria edukiko, baina elikagarriagoa izango da.
– Beste zerbait aldatu nahi izanez gero, betiko patearen edo foie-grasaren ordez, oliben patea (berdea edo beltza) jan dezakegu. Zapore zein testura bereziak ditu, eta koipe monoasegabe ugari ere bai (onak dira osasunerako). Zabaltzeko beste produktu batzuen artean, hummusa ere badugu (txitxirioz egindako orea).
– Besteak beste, hasierako hauek ere jarri ahal izango ditugu mahaian: haragi-saldak, zopak, barazki-kremak, osoko ogi-xerra txigortuak tomate natural eta zabaltzeko gaztarekin, alberjiniaz eta gazta freskoz egindako broxetak, kuiatxo salteatua tomatearekin, barazki-lasagna…
Azkenik, gainerako platerak zerbitzatzean hasierakoak mahaitik kentzen baditugu, ez dugu “jaten” jarraituko aurrez aurre edukitzeagatik (hestebeteak, esaterako).
– Plater nagusia: jaiko izarra
Plater nagusiari dagokionez, zenbait gauza hartu behar dira kontuan:
– Hegaztiek (oilaskoa, indioilarra, pularda) arkumeak edo txerrikiak baino koipe gutxiago dute.
– Labean erretako arrain ona oso plater gozagarria eta osasungarria da, eta erraz prestatu eta jaten da.
– Plater nagusiarekin barazki-goarnizioa jaten badugu (entsalada, patata egosiak, patata-purea, sagar-krema, aran-krema, fruitu lehorrak…), aurkezpena ez ezik, plateraren balio elikagarria ere hobetuko dugu.
– Arrazioak neurrikoak izango dira. Proteinadun produktuen arrazioa (haragia, arraina, arrautzak) 100-150 gramokoa izan beharko litzateke. Egunotako menuak berez ohi baino plater gehiago dituela kontuan hartuta, hobe da kopuru hori ez gainditzea. Platera beteago eduki nahi badugu, barazki-goarnizio gehiago jarri besterik ez dugu.
– Postreak: amaiera zoriontsua
Gabonetako postrea ez da kaloria askokoa izan behar, baina, batez ere, bazkalostean edo afalostean seguruenik “jaten” jarraituko dugula kontuan hartuta.
– Amaitzeko, postre osasungarriak jan ditzakegu; esate baterako, fruta-broxetak, anana freskoa edo bere zukuan, Gabonetako konpota, fruitu gorriak jogurt edo zabaltzeko gaztarekin, madariak ardo beltzarekin…
– Ohiko gozokiak (turroiak, mazapanak, azukre-arbendolak, polboroiak…) “gorde beharreko jai-egunetan” jan beharko genituzke. Lehen esan dugun bezala, Gabonaldia zenbait astez luzatu daitekeenez, produktu horiek goizegi erosiz gero “lehenago” irekitzeko arriskua izango dugu.
– Topa egiteko orduan… osasuna!
Alkohola arazorik gabe edan daiteke, baina neurriz. Izan ere, larregi edanez gero, ondorioak sortu daitezke (biharamuna, bihotz-hodietako nahasmenduak, urdail-hesteetakoak, istripu-arriskua…), kaloria “hutsak” dituela ahaztu gabe, hau da, kopa bat cavak edo ardok 70 Kcal inguru ditu; zurrutada bat pattarrek, 100 baino gehiago; edo konbinatu batek, 300 inguru.
Era berean, gogoan ere eduki behar da seme-alabentzako eredua garela eta adingabeen aurrean alkoholaren kontsumoa sustatu behar ez dugula, are gehiago neurrigabea denean eta gidatu egin behar dugunean.
Horrez gain, bazkalostean edo afalostean ariketa fisiko arina egiten badugu (nahikoa da familiarekin osteratxo laburra egitea edo umeekin etxean jolastea), digestioa hobea izango da.
Aholku txiki horiek kontuan hartuz gero, jaiotan janariaz gozatu ahal izango dugu familian. Horrez gain, “osasunean inbertitzeko” ohitura egokiak ere bultzatuko ditugu.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra